Antzerki Topaketek ez dute jasoko Jaurlaritzaren diru laguntza

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko eka. 29a, 11:53

Jaurlaritzak esan duenez, "urtebetekoa" da etena, eta deialdia "hobeto antolatuta" egingo dute hurrengo urteetan. Laguntzak kentzea "oso larria" dela dio Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak, eta larritzat jo du "gauzak egiteko modua" ere

Libe Aranburu, publikoa inguruan duela, herenegun (Argazkia: Ihintza Agirretxe) Jaialdientzako diru laguntza deialdia bertan behera utzi du aurten Eusko Jaurlaritzak, eta dozenaka kultur jaialdi gelditu dira laguntza jasotzeko aukerarik gabe. Tartean dira Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. Jaurlaritzak esan duenez, "urtebetekoa" da etena, eta deialdia "hobeto antolatuta" egingo dute hurrengo urteetan: "Orain arteko deialdian, alor, zabalpen eta mota guztietakoek izan dute eskaera egiteko aukera, berdin erakunde publikoek zein elkarte pribatuek, eta hori guztia ordenatu nahi dugu". Joan den urtean 4.853 euroko laguntza jaso zuten Azpeitiko topaketek, eta Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak dioenez, "iaz erdi jakinarazi" zieten aurten laguntzak ez zituztela aterako. Dena den, laguntzak kentzea "oso larria" dela dio Labakak, eta larritzat jo du "gauzak egiteko modua" ere. Izan ere, Jaurlaritzak aurrekontuak onartzean erabaki zuen diru laguntzak bertan behera uztea, eta aldizkari ofizialean ez da agertzen diru sail hori, baina ez dute abisu berezirik eman. "Jaialdiak eginda edo programatuta dauden garaian atera da albistea, eta jaialdi askoren aurtengo edizioak kolokan edo erdi itota gelditu dira", azaldu du.

"Aberastasun publikoa"

Labakak azaldu du kultura "inbertsio eta aberastasun publiko" gisa ulertzen dutela beraiek, "ez gastu gisa". Horregatik, esan du "herritar askok egindako lanari esker loratutako topaketei helduko" dietela, eta jakinarazi du Antzerki Topaketak "betiko martxan" egin daitezen "baliabide guztiak" jarriko dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide