Etxeberria, Etxeberria eta Buces. (Julene Frantzesena)
Aranzadi Zientzia Elkarteak Azpeitiko Udalaren esku utzi du herrian 1960-2014 urteen arteko giza eskubide urraketen gaineko ikerketaren dokumentazio dena. Horiek udal artxiboan gorde dituztela eta kontsulta prozedura bat jarri dutela jakinarazteko agerraldia egin zuten ostiralean Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak eta Javi Buces ikerketaz arduratu den Aranzadiko historialariak.
Aranzadik eta udalak iaz aurkeztu zituzten ikerketaren inguruko datuak, eta orain horiek zuzendu eta artxiboan jaso dituzte. Orotara, azken mende erdi inguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten 150 azpeitiar identifikatu, eta, guztira, 14 biktima elkarrizketatu dituzte.
Eneko Etxeberriak dioenez, azken hamarkadatako historia "gogorra, beltza eta sakona" da: "Emaitzak gogorrak badira ere, egia osoa jakin nahi dugu. Asko izan dira azpeitiarren aurkako giza eskubide urraketak. Aranzadiren lanak sakontasuna erakusten du".
Bi urtez osatu duten ikerketa "oraindik zabalik" dagoela jakinarazi du Etxeberriak: "Fasea itxi da, baina ez da ikerketa bukatu. Jendeak denbora behar du proiektuan parte hartzeko, eta nahi dutenean jarri ahal izango dute gurekin harremanetan".
Ikerketarekin bi konpromiso hartu ditu udalak: "Urraketa batzuek ez dute sarbiderik izan justizia formalera; Angel Otaegiren kasuak, adibidez. Udalak konpromisoa hartzen du horrelako kasuak bideratzen saiatzeko. Horrez gain, egun gertatzen diren eskubide urraketak gerta ez daitezen neurriak hartuko ditu".
Gaia oso "konplexua" delako, "sentsibilitate eta diskrezio osoz" jokatu behar dela esan zuen Bucesek. "Bide urratzailea izan da Azpeitia, giza eskubide urraketa guztiak ikertzen diren lehen herria baita".
Paco Etxeberriak azaldu duenez, duela 16 urte-edo hasi zen Aranzadi memoria historikoa lantzen. "Instituzio denek esaten dute beharrezkoa dela memoria egitea, giza eskubideen diskurtsoa zabaltzeko. Baina berandu gabiltza 1936ko gauzez ari garenean. Egunekoez ere jardun behar dugu, ezin dugu beste 50 urtez atzeratu. Azpeitiak izan du iniziatiba gerratik duela urte gutxira arte gertatutakoa ikertzeko".
Giza eskubide urraketak
Bizitza eskubidea urratuta: 13 kasu.
Ikertzen ari diren hilketak: 2.
Osotasun fisiko, psikiko etamoralaren urraketak: 83 kasu.
Herritarren aurkako mehatxuak: 19 kasu.
Herritarren aurkako estortsio ekonomikoa: 5 kasu.
Beste eskubide urraketa batzuk: 3 kasu.
Gaur egungo urraketak, dispertsioa: 3.