Iazko Sustapen Planaren balorazio "oso positiboa" egin du Azpeitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ots. 19a, 15:16

Iazko planaren bidez, 74 proiektu lagundu ditu Udalak. Aurten ere Sustapen Plana abiatuko dutela iragarri dute.

Zabaleta, Etxeberria eta Elduaien iazko Sustapen Planaren baloraio agerraldian. (Julene Frantzesena) 2015eko Sustapen Planaren balorazioa egin dute gaur, ostirala, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Estitxu Elduaien zinegotziak eta Iñaki Zabaleta sustapen planaren kudeatzaile teknikoak. Horiek iazko planaren balorazio "oso positiboa" egin dute. Izan ere, Azpeitiko Udalak 350.000 euro bideratu zituen joan den urtean sustapen ekonomikoa bultzatzera, "lanpostu duinak" sortzeko asmoz: "Udalaren erronka da langabeziari aurre egitea, eta horren aldeko apustua egin du, herritarren lehentasuna ere horixe delako". Eneko Etxeberriak esan duenez, "ezinezkoa" da Sustapen Planak zuzenean zenbat lanpostu sortzen dituen kalkulatzea, baina langabezia tasak 2013tik 2015era izan duen bilakaerak "erakusten du bi onetik goazela". "2013ko abendutik 2015eko abendura bitartean, 3,59 puntu jaitsi da Azpeitiko langabezia tasa: %15,29tik %11,7ra. Datu objektibo horrek erakusten digu eragin zuzena duela enpleguan. Egia da lanpostu horien kalitatea ez dutela bermatzen datu horiek, eta lanpostu horiek prekarietateak kezkatzen gaitu", esan du Etxeberriak. Estitxu Elduaienek azaldu duenez, Udalak 28 kontratazio eragin eta 74 eskaera edo proiektu lagundu zituen iaz: "80.000 euro bideratu ziren enplegua sortzeko edo mantentzeko proiektuetarako; 25.000 euro langabetuak lan merkatura sartu eta langileei kontratu mugagabeak egitea sustatzen zuten proiektuetarako; 36.985 euro enpleguaren sorrera duten proiektu ekintzaile eta izaera soziala dutenak laguntzeko; eta 35.140 euro merkataritzan edo lehen sektorean enplegua sustatzeko. Azpeitiko Udalak 2013an abiatu zuen Sustapen Plana eta ordutik 186 proiektu lagundu ditu. Bi urtean 86 proiektu Udalaren Sustapen Planaz gain, Iraurgi Berritzen Azpeitiko eta Azkoitiko garapen agentziak 150.000 euro bideratu zituen sustapen ekonomikora. Iñaki Zabaletak azaldu duenez, guztira 49 proiektu lagundu zituen diruz garapen agentziak, eta horietatik 30 Azpeitian egin dira. Besteak beste, honako hauek izan dira Iraurgi Berritzenek diruz lagundu dituen proiektuak: autonomo txikiak, Azkue npresa, Tecniur... Iraurgi Berritzenek 2014an jarri zuen abian bere Sustapen Plana, eta ordutik 86 proiektu lagundu ditu diruz. Aurten ere bai Azpeitiko Udalak 2016an ere abian jarriko du Sustapen Plana. "Argi dugu ekonomia sustatzen eta herriko ekonomiaren hobekuntzan motor izaten jarraitu behar du, eta hori izango da bere lehentasuna agintaldi honetan ere", esan du Etxeberriak. Aurten 300.000 euro bideratuko ditu udalak Sustapen Planera eta beste 200.000 euro formakuntza sustatzeko egitasmoetara.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide