Azpeitiko Udal ordezkariek harrera egin diete gaur, zapatua, Iker Aizpuru eta Lander Uria igerilariei. Izan ere, Iker Aizpuruk igeriketa egokituko alebin mailan urrezko domina lortu zuen joan den astean Valdemoron (Madril, Espainia) jokatutako Igeriketa Egokituko Gazteen Espainiako Txapelketan. Lander Uriak ere lan garrantzitsua egin zuen txapelketan, Euskadi taldeak hirugarren postua lortzeko taldekako sailkapenean.
Gaur egindako harreran Iker Aizpururi txapela jantzi dio Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak. Hark esan duenez, txapela "udalaren eta azpeitiar guztien izenean" jantzi dio igerilariari. Lander Uriari, berriz, egindako lanaren errekonozimendu gisa, oparia eman diete udal ordezkariek. Zorion hitzak izan ditu Elduaienek bi igerilarientzat: "Zorionak eman behar dizkiegu Aizpururi eta Uriari, Espainiako Txapelketan lortutako emaitzengatik eta Azpeitiaren izena han ere zabaltzeagatik".
Iker Aizpuruk eta Lander Uriak, biek hartu dute hitza harrera ekitaldian, eta biek ala biek eskerrak eman dizkiete taldekideei, entrenatzaileei eta familiako kideei. Oroigarriak jaso ostean, udaletxeko balkoira irten dira bi igerilariak eta plazan zeuden herritarrek txalo artean hartu dituzte.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide