Deustuko Unibertsitateak ikastaroak eskainiko ditu Azpeitian, otsailean hasita

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ots. 5a, 14:21

Kultura nahiz aisia eta enpresak gai hartuta, zazpi ikastaro eskainiko dituzte; saio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Otsailaren 18an amaituko da ikastaroetan izena emateko epea, eta saioak otsaileko azken astean hasiko dira. Ikastaroren bat egiten duenak Deustuko Unibertsitatearen zigiludun ziurtagiria eskuratuko du.

Eneko Etxeberria Azpeitia alkatea eta Jose Maria Guibert Deustuko errektorea hitzarmena sinatzen. (Julene Frantzesena) Deustuko Unibertsitateak eta Azpeitiko Udalak hitzarmena sinatu dute gaur, ostirala, herrian hainbat ikastaro eskaintzeko. Sinadura ekitaldian izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektore azpeitiarra, Victor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordea, Yolanda Lazaro DeustoBide Herritartasun Eskolako zuzendaria, Ainara LarraƱaga Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Edurne Zubia Udaleko gizarte zerbitzuetako arduraduna. Gaur erdietsi duten hitzarmenari esker, datozen hilabeteetan hainbat ikastaro eskainiko ditu Deustuko Unibertsitateko Herritartasun Eskolak Azpeitian. Unibertsitate horrek lehen aldiz eskainiko du halako ikastaro ziklo bat Gipuzkoan. Orain arte, Bizkaiko hainbat herritan eskaini izan dituzte horrelako programak. Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, "formazioa oso garrantzitsua da, eta gaurko hitzarmena inportantea da, Azpeitira unibertsitatea gerturatzeko urratsa eman dugulako". Jose Maria Guibert Deustuko errektoreak azaldu duenez, "oso lan polita izan da" ikastaroak antolatzeko egindakoa: "Deustuko Unibertsitatea herrietara gerturatu nahi dugu, eta Azpeitian hastea ederra da. Herritarren beharrei erantzutea espero dugu". Bi gairen bueltako ikastaroak antolatu dituzte: Kultur aisia unibertsitatean eta Ekitea eta enpresak kudeatzen ikastea. Saio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta bi programa horien baitan, zazpi ikastaro jaso ahal izango dituzte herritarrek: Kultur aisia unibertsitatean:
  • Euskal mitologia eta kristautasuna. Saioak otsailaren 24an, martxoaren 2an, 9an eta 16an eta apirilaren 6an eta 13an izango dira, 16:00etatik 18:00etara.
  • Musika udaberriko arratsalde baterako. Apirilaren 20an eta 27an zein maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean izango dira saioak, 16:00etatik 18:00etara.
  • Gu eta besteak? Kulturak, identitateak eta lurraldeak gizarte globalean. Urriaren 19an eta 26an eta azaroaren 2an, 9an, 16an eta 23an izango dira eskolak, 16:00etatik 18:00etara.
Ekitea eta enpresak kudeatzen ikastea
  • Ideiatik negozio-planera tailerra. Otsailaren 23an eta 25ean eta martxoaren 1ean, 3an, 8an, 10ean, 15ean eta 17an izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.
  • Finantza-kudeaketa finantzari ez direnentzat tailerra. Apirilaren 5ean, 7an, 12an, 14an, 19an, 21ean, 26an eta 29an izango dira saioak, 14:30etik 16:30era.
  • Behar-beharrezko tresna digitalak negozio bat garatzeko tailerra. Maiatzaren 3an, 5ean, 10ean, 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.
  • Enpresaren lege alderdiak; oinarrizko esparru juridikoa tailerra. Urriaren 3an, 5ean, 10ean, 17an, 19an, 24an, 26an eta 31n izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.
Ikastoroak egiten dituzten herritarrek ez dituzte unibertsitate tituluak eskuratuko. Nolanahi ere, Deustuko Unibertsitatearen zigiludun ziurtagiriak jasoko dituzte. Ikastaroen saioak Baigera Ieko laugarren solairuan, Udal Musika Bandaren lehengo lokalean, eskainiko dituzte Deustuko Unibertsitateko irakasleek.

Izen-ematea

Datozen egunetan etxe guztietara banatuko dituzte ikastaroen gaineko eskuorriak eta aurre-matrikula egiteko inprimakiak. Izena eman nahi dutenek, orri horiek bete eta udaletxera edo liburutegira eraman beharko dituzte; edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera ere bidal ditzakete. Otsailaren 18an amaituko da aurre-matrikula egiteko epea. Izena eman ondoren adieraziko zaie izena eman dutenei nola egin behar duten ordainketa-eta. Prezioak "sinbolikoak" direla adierazi dute hitzarmenaren sinatze ekitaldian; izan ere, ikastaro bat egitea 20 euro ordaindu beharko da, bi 30 euro, hiru 40 euro eta lau 60 euro. Dena den, ikastaroaren amaieran, saioen %80ra joanez gero, dirua itzuliko dutela jakinarazi dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide