Udaletxeko kanpaien ondoan jarri dute Espainiako bandera. (Eneritz Albizu Lizaso)
Espainiako bandera jarri dute Azpeitiko udaletxearen etxaurrean. Hain zuzen, eraikinaren goikaldean, kanpaien ezkerretara dagoen balkoiaren ondoan, jarri dute. Dena den, noiz jarri duten ez du zehaztu Udalak.
Espainiako bandera udaletxeko etxaurrean jartzeko agintzen duen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena 2015eko urtarrilean jaso zuen Azpeitiko Udalak. Behin betiko sententzia haren arabera, bi hilabeteko epean jarri behar zuten Espainiako bandera udaletxearen fatxadan.
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, Carlos Urkijok, 2012an jakinarazi zion Azpeitiko Udalari udaletxean Espainiako bandera jarri beharra zuela. 39/1981 legea oinarri hartuta egin zion ohartarazpena. Udalak jakinarazpen haren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta hari erantzunez iritsi zen behin betiko ebazpena, joan den urteko urtarrilean.
Azkoitiko udaletxean ere jarri dute legeak agintzen duen moduko Espainiako bandera. (Ana Abarisketa)
Azkoitiko Udalak, berriz, gaur, osteguna, jarri du legeak agintzen duen gisako bandera udaletxeko balkoi nagusian. Ikurrinaren nahiz Azkoitiko, Gipuzkoako eta Europako banderen ondoan jarri dute Espainiakoa. Udalak jakinarazi duenez, "gaur egungo marko juridikoak eskaintzen dituen aukera guztiak" erabili dituzte agindua ez betetzeko, baina "bide juridikoa agortuta", bandera zintzilikatu dute "epaitegiek agindutakoa betetzeko".
2011ko abuztuaren 22an jaso zuen Carlos Urkijoren jakinarazpena. Udalak Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzan aurkeztu zuen jakinarazpenaren helegitea, eta auzitegiak bandera jartzeko agindu zion Udalari. Ondoren, EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen Udalak eta han ere kontrako ebazpena jaso zuen. 2013ko azaroan jarri zuten Espainiako bandera Azkoitiko udaletxean. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, "aurreko legealdian epaia betetzeko eskatu zitzaion Udalari, eta Espainiako bandera zintzilikatu zuten, baina legeak agindutakoa baino txikiagoa. Epe bat eman zitzaion bandera agindu bezala jartzeko, eta hala egin du Azkoitiko Udalak".