Emakumeen futbol taldeari "elkartasuna eta babesa" eskaini dizkie Lagun Onakek eta Azpeitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko urt. 7a, 11:14

Bi taldeek "gertaera gertutik" jarraitzen ari direla adierazi eta "zuhurtzia" eskatu dute. Horrez gain, Lagun Onak ez dela "gertaeraren erantzulea", eta kasua lehenbailehen argitzeko eskatu dute.

Azpeitiko Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletako hormetan zenbait zulo aurkitu dituztela jakinarazi zuen egunkari honek atzoko edizioan. Albisteak oihartzuna izan du hainbat hedabidetan, eta gertakariaren harira, Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Futbol Taldeak ohar bateratua kaleratu dute gaur, hilak 7. Bi taldeek "gertaera gertutik" jarraitzen ari direla adierazi eta "zuhurtzia" eskatu dute: "Gertaera salatuta dago eta ikerketa aurrera doa". Oharrean adierazi dutenez, Lagun Onak Futbol Taldeak "zuzenean kudeatzen duen udal eraikin publikoan jazo da gertakaria", eta taldea izan zen gertatzen ari zenaz ohartu eta segituan salaketa jarri zuena. Oharrean jakinarazi dutenez, abenduaren 16an jarri zuten salaketa Azkoitiko Ertzainetxean. Azpeitiko futbol taldeak eta Udalak argitaratu duten oharrean adierazi dute Lagun Onakek "lan izugarria" egiten duela herriko kirola eta futbola sustatzen. Horrez gain, Lagun Onak ez dela "gertaeraren erantzulea", eta kasua lehenbailehen argitzeko eskatu dute. "Aldagelak neskek eta mutilek partekatzen badituzte ere, neskak ohartu ziren zuloez", jakinarazi dute. Hori dela eta, Lagun Onakek eta Azpeitiko Udalak "elkartasuna eta babesa" eskaini dizkie emakumeen taldeari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide