Azkoitiko Bigoterik Gabea taldeak datorren urtarrilaren 9an, larunbatez, aurkeztuko du aurrenekoz jendaurrean Errailak proiektu berria. Herriko antzerki taldeak sare sozialetan eskegi du antzerki musikalaren aurrerapen bideoa, eta han iragarri dute data. Baztartxo antzokian egingo dute antzerki musikalaren aurre-estreinaldia.
2025eko urtarrilean jakinarazi zuen Bigoterik Gabea taldeak proiektu musikal berria lantzen ari zela, eta bi urteren buruan, jendaurrean aurkeztuko du. Taldearen hamabosgarren urteurrenaren bueltan, Errailak antzerki musikala "sorkuntza propioa" dela azpimarratu nahi izan dute taldeko ordezkariek. "Proiektu hau ez da lan isolatu bat; eskualdeko eta bailarako pertsona ugariren elkarlanaren eta talentuaren fruitua da", esan dute. Sorkuntza prozesuan eta ekoizpenean eskualdeko hainbat lagunek parte hartu dute parte, hala nola musikagileek, bertsolariek, dantzariek, teknikariek eta aktoreek. Horiek guztiek uztartu dute beren lana "ikuskizun biribila" ontzeko.
Errailak obra 1948. urtean girotu dute, Bidasoa inguruko tren geltoki hotz eta ilun batean. Gerra osteko goseak eta errepresioak estututako herri batean, itxuraz errespetagarria den familia batek ezkutuko estraperlo negozio bat zuzenduko du geltokiko itzalpean, emakumeak buru. Kanpora begira ordena eta erlijioa nagusi badira ere, barrura begira tentsioa, traizioa eta beldurra izango dira nagusi, eta aspaldiko sekretuak azaleratuko dira trenen joan-etorriekin batera. "Ikuskizunak euskal kultura du bihotzean, eta zuzeneko ahotsek zein dantzek pisu berezia dut; izan ere, euskal doinu tradizionalak eta gaur egungo sonoritateak uztartzen dira eszenan", nabarmendu dute.
Ibilbide bat ontzen
Azkoitiko antzerki taldeak urteak daramatza antzerkigintzan lanean, Xabier Munibe ikastolako antzerki eskolan sortutako zaletasunetik abiatuta. Hamabost urte bete dira beren ibilbideari ekin ziotenetik, eta urte horietan guztietan formatu handiko hainbat lan taularatu dituzte, besteak beste, Rise & Shine, Shine Again eta K-Baret. Hainbat sari eta aipamen ere jaso dituzte beren lanengatik eta eszenaratzeengatik.
Orain, erronka berri bati eutsiko dio Bigoterik Gabea taldeak. "Euskal antzerkigintzan eta musikan sakontzen jarraitu nahi dugu, ikusleei hunkitzeko eta gogoeta egiteko istorio bat eskainiz". Taldeak jakinarazi duenez, laster jarriko dituzte Baztartxo antzokian egingo duten aurre-estreinaldirako sarrerak salgai. Nolanahi ere, ikuskizunaren estreinaldi ofiziala beste herri batean izatea aurreikusi dute.