Skabidean eta Skaregekasko musika taldeen kontzertuak izango dira bihar, zapatua, herriko plazan. 22:30ean hasiko da Azkoitiko Udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak elkarlanean antolatutako bi talde horien doako emanaldia.
Doinu dantzagarriak, jantzi koloretsuak, aldarridun hitzak, tarteka mozorroren bat edo beste eta giro ona. Horiek dira entzuleak Skaregekasko taldearen elementu nagusiak. 2024an atera zuten aurreneko EPa, Zakur Andaluza izenekoa. Harrera ona izan zuten sortutako kantek, eta aurreneko urtean plazaz plaza ibili ostean, aurten kaleratu duter bigarren lana: Lahardi Road diskoa. Martxoan grabatu zuten Usurbilen (Gipuzkoa), Haritz Harreguyren estudioan, eta maiatzean kaleratu. Bost abesti bildu dituzte bertan, bi moldaketa eta hiru abesti propio. Urola Kostako taldekide ugari biltzen dituen musika taldea da Skaregekasko, eta lan horretako doinuak aurkeztuko dituzte bihar Azkoitiko musikazaleen aurrean.
Ibilbide luzeagoa du, bestalde, Skabidean taldeak. Nolanahi ere, 2012an Iruñerrian taldeak euskal musikagintzako zuzeneko indartsuenetako bat izaten jarraitzen du. Hamaika kide inguruk osatutako bandak Jamaikako doinu klasikoak (ska, reggae eta rocksteady) eta euskarazko mezu aldarrikatzaileak uztartzen ditu, autogestioaren bidetik. Guztira, zazpi lan kaleratu dituzte, besteak beste, Bideak darrai (2018), Hiri zahar zikina (2022) eta Herri kuttuna (2025). Skabidean taldekoek ere azken laneko eta beren ibilbideko abesti sonatuenak eskainiko dituzte herriko plazan.