Disko berria eta oholtzak jateko grina dakartza Skaregekaskok

Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 17a

'Dionisorena' abestirako grabaketan. (Utzitakoa)

Skaregekasko musika taldeak Lahardi Road disko berria kaleratu du, eta orain plazaz plaza aurkezteko irrikaz daude. Adierazi dutenez, "harrera ona" izan du lanak, eta txoko askotatik deitu dituzte zuzenekoetarako proposamenak eginez. "Dioniso ardoaren jainko grekoaren ahotik idatzitako txirigota eta bideoklipa gustatu dira gehien", diote.

Doinu dantzagarriak, jantzi koloretsuak, aldarridun hitzak, tarteka mozorroren bat edo beste eta giro ona. Horiek dira entzuleak Skaregekasko taldearen zuzenekoetan dastatuko dituen elementuetako batzuk. Aurrerantzean, Lahardi Road diskoan bildu dituzten abestietan ere gozatu ahalko dute horietako askorekin. Maiatzean kaleratu zuen lan berria Urola Kostako hainbat txokotako musikariek osatutako bandak. "Sortu zenetik, bederatzi pertsona inguru ibili izan gara bueltaka. Bateria, gitarra, baxua, pianoa, hiru haize eta bi abeslari. Taldekide batzuk, ordea, denbora aurrera joan ahala aldatu egin dira. Uneotan, Getariako, Zarauzko, Zumaiako, Zestoako, Azkoitiko eta Usurbilgo musikariek osatzen dugu taldea", azaldu du Libe Goenaga getariarrak. 

Lehen urteetan, bertsioak jotzen zituzten nagusiki zuzenekoetan, baina 2024an atera zuten aurreneko EPa, Zakur Andaluza izenekoa, Getarian bertan grabatuta: "Entseguetarako erabiltzen dugun baserrian bertan grabatu genuen lehen diskoa. Harrera ona izan zuten sortutako kantek, eta aurreneko urtean plazaz plaza ibili ginen abesti horiek jotzen".  Aurten, bigarren lana, Lahardi Road albuma, prestatu du Skaregekaskok. Martxoan grabatu zuten Usurbilen (Gipuzkoa), Haritz Harreguyren estudioan. Bost abesti bildu dituzte bertan, bi moldaketa eta hiru abesti propio. Zenbat bide abestian Usurbilgo Anuk eta Elene abeslarien kolaborazioa izan dute.


Aldarria eta dantza

Abestiak entzuten jarrita, doinu alaiak dira nagusi, baina aldarri asko aurki daitezke hitzetan. "Zakur Andaluza albumeko molde berberak erabili ditugu hitzak eta melodiak sortzeko. Abesti dantzagarriak sortu nahi ditugu, kontzertuetan aurrez ezagutu gabe ere disfrutatzeko modukoak. Era berean, plaza publikoa hartzen dugun unean bozgorailu bat daukagunez eta zabaltzen dugun mezuaren erantzule garenez, hitz indartsuak ere baditugu", azaldu du Goenagak. Besteak beste, "faxismoa, emakumeekiko jazarpen historikoa, eskuin muturraren gorakada edota lanaren gatibutza" hartu dituzte hitzetarako gai. Baina ez horiek bakarrik. "Baditugu hain sakonak ez diren gaiak jorratzen dituzten abestiak ere. Adibidez, Dionisorena ardoari eta festari gorazarrea da. Gainera, eta noski, entzule bakoitzak bere interpretazioa egin dezala gustatzen zaigu. Esaterako, Gomazko gizona kantaren interpretazio nahiko kuriosoak jaso ditugu", diote. Estilo aldetik, ska eta reggae doinuetan mugitzen dira, taldearen izenak dioen bezala, baina nabarmendu dutenez, "melodikoak" izaten saiatzen dira kantak egiterakoan, "jendea kantatzera eta dantzatzera" bultzatzeko. "Guri jotzea gustatzen zaizkigun abestiak bilatzen ditugu, baina batez ere, zuzenekoetan funtzionatuko duten abestiak, ikus-entzuleak kontzertuan sartu eta haiek ere gurekin dantzatzeko eta abesteko", adierazi du Ander Garaiar zarauztarrak. "Saiatzen gara bertako doinuak ere uztartzen gure kantuetan; esaterako, fandango doinu bat da diskoaren introa", gaineratu du.

Disko berria "harrera polita" izaten ari dela diote Goenagak eta Garaiarrek; horrenbestez, "oso eskertuta" daude. "Dioniso ardoaren jainko grekoaren ahotik idatzitako txirigota eta bideoklipa gustatu dira gehien. Txosnagune eta gazte asanblada asko ari dira gurekin harremanetan jartzen, eta bederatzi pertsonaren bizitza pertsonalekin toki guztietara heltzea bideragarria ez izan arren, pozik joaten gara ahal dugun guztietara". Datozen hilabeteetan, besteak beste, Zarautzen, Pasai Antxon, Mutrikun, Oñatin, Bilbon, Deban, Usurbilen edo Altsasun ariko dira, eta hitzordu horietan kamisetak eta galtzerdiak ere izango dituzte entzuleek eskuragarri. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide