Sansebastianak 2026

Euskal dantzak gai hartuta ondu beharko dira sansebastianetako karroza proiektuak

Andoni Elduaien

Iazko umeen danborradako karroza Urolako Trenari eskainitakoa izan zen. (Mailo Oiarzabal)

Udalak hil honen 27ra arteko epea eman du proiektuak aurkezteko. Karrozaren aurrekontuak ezingo du 11.500 euro baino handiagoa izan. Irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.

Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak jakinarazi du datorren urteko sansebastianetarako ondu beharko den karroza egiteko gaia: euskal dantzak. San Sebastian eguneko (urtarrilaren 20an) haurren danborradan eta Jai Karnabaleko (otsailaren 7an) artzain-inudeen kalejiran aterako dute karroza Azpeitian.

Udalak ohar bidez azaldu du Azpeitia "herri festazalea" dela, eta festaren "ezinbesteko osagaia" izaten dela dantza. "Herriko festa gehienetan izaten dute presentzia herriko dantzariek. Horrez gain, Itsatsi eta Sahatsa dantza taldeak 50. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabiltza hilabeteotan. Horiek kontuan hartuta erabaki du Festa Batzordeak euskal dantzak izatea aurtengo gaia", azaldu du erakundeak.

Gaia jakinaraztearekin bat aurkeztu ditu udalak lehiaketaren oinarriak. Karrozaren aurrekontuak ezingo du 11.500 euro baino handiagoa izan. Lehiaketaren irabazleak, berriz, 1.500 euroko saria eskuratuko du. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 27an, ostiralez, bukatuko da, eta horiek udaletxean aurkeztu beharko dituzte herritarrek. Proiektuak Azpeitiko Udalaren Festa Batzordeko helbide honetara igorri beharko dira: Enparantza nagusia, 5 (20730, Azpeitia).  

Karroza egiteko proiektu lehiaketaren oinarriak honako hauek dira: 

  • Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte lehiaketan. Dena den, pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  • Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • Proiektuek, ezinbestean, sortu berriak izan beharko dute; alegia, norberak sortutakoak. Gainera, lanaren egileak izango du erantzukizun osoa baldintza hori ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  • Karroza diseinatzeko eta egiteko proposamenean genero ikuspegia kontuan izan beharko da, emakumeen eta gizonen egoera, beharrizan, interes, asmo eta problema espezifikoak, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak aintzat hartuz.
  • Karrozaren neurriak ondorengo hauek dira: 2,80 metro koadroko zabalera, 3,85 metroko luzera eta 3,20 metroko altuera.
  • Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean egilearen datuak zehaztu beharko dira: NA, helbidea, telefonoa eta curriculuma.
  • Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 27an, ostiralez, amaituko da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.
  • Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du; bost pertsonak osaturikoa izango da.
  • Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da hura.
  • Planoak, bozetoak, 11.500 euro baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua izan beharko du, eta gehienez A-4ko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko du.
  • Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.
  • Epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitaterik edo baliorik, lehiaketa hutsik gera daiteke.
  • Oinarri hauek eta bertako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.
  • Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  • Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide