Jose Joakin Etxaniz (Azkoitia, 1967) izango da Azkoitia Bai herri plataformaren alkategaia 2027ko udal hauteskundeetan. Gaur, osteguna, ohar bidez eman du hautagaitzaren berri herri plataformak: "Pasa den agintaldiko taldearen oso antzekoa izango da Azkoitia Bairena, aldaketa txiki batzuekin. Lehen postuan, jarraikortasuna izango da; hortik aurrera, aurpegi eta ekarpen berriak".
Herri plataformak adierazi du hogei laguneko zerrenda osatzea ez dela egiteko "erraza" izaten, baina beraiena prest dutela. "Gure taldea prest dugu, eta horrek pozten gaitu, Azkoitia Bairen proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogoa dagoelako". Era berean, herri plataformak adierazi du agintaldi honetan "eragina handitu" egin dutela udalean, baina hurrengoan "are gehiago eragitea" dutela helburu. "Herritarren ongizatean beste pauso bat ematea da helburua", azaldu dute.
Hala eta guztiz ere, herri plataformak esan du 2027. urtera iristeko "oraindik denbora" dagoela, eta bitartean, "lana" dagoela egiteko. Horregatik, herritarrak animatu nahi izan dituzte herri plataformarekin bat egitera: "Ideiak partekatzera, taldera hurbiltzera eta Azkoitia hobe bat eraikitzen laguntzera gonbidatu nahi ditugu azkoitiarrak", azaldu dute.
Egun hiru zinegotzi ditu herri plataformak udaletxean ordezkatuta, eta ohartarazi du "datorrena aldaketaren agintaldia" izan daitekeela. "Politika beste modu batera egiteko garaia izan daiteke, herria eta herritarrak erdigunean jartzeko garaia".