Puzzle zaleen topaleku bihurtuko da bihar Elkargunea

Andoni Elduaien

Ehunka puzzle pieza. (Pixabay)

Goizean, 11:00etan hasita jokatuko dute banakako txapelketa 33 lagunek, eta arratsaldean, 17:00etan hasita, binakakoa, 44 bikotek. Sailkapen orokorreko lehen hiru sailkatuak eta herriko lehena sarituko dituzte antolatzaileek.

Azkoitiko I. Puzzle Txapelketa jokatuko dute bihar, zapatua, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Iñigo Gorritxo eta Nerea Soraluze bikoteak sustatuta, aurrenekoz egingo dute Azkoitian gisa horretako txapelketa. Aepuzz Espainiako Puzzle Elkartea eta udala izan ditu bidelagun bikoteak, eta hala banakako nahiz binakako txapelketak jokatuko dituzte bihar.

Bai banakako modalitatean, bai binakakoan, 500 piezako puzzleak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Goizean, 11:00etan hasita, jokatuko dute banakako txapelketa, eta partaideek bi ordu eta erdi izango dituzte puzzlea osatzeko. Arratsaldean, berriz, binakako txapelketa jokatuko dute, 17:00etan hasita. Binakako proban bi ordu izango dituzte parte hartzaileek puzzlea osatzeko. Bai txapelketa batean, bai bestean, puzzlea lehena osatzen duenak irabaziko du lehia, eta mahai gainean kokatutako pieza kopuruaren arabera osatuko dute sailkapena. 

Antolatzaileek emandako datuen arabera, izen ematerako zituzten aurreikuspenak bete dituzte. Banakako txapelketan 33 lagunek eman dute izena, eta horietatik sei izango dira azkoitiarrak. Ordea, binakako txapelketak arrakasta handiagoa izan du; guztira, 44 bikotek eman dute izena, eta horietatik hemeretzi dira azkoitiarrak. Modalitate bakoitzean, sailkapen orokorreko lehen hiru sailkatuak eta herriko lehena sarituko dituzte antolatzaileek.

Erlazionatuak

Azkoitiko aurreneko puzzlea, osatzear

Andoni Elduaien - Usua Garin - Gorka Eizagirre urr 08 Azkoitia

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide