Elkarrizketak

Azkoitiko aurreneko puzzlea, osatzear

Andoni Elduaien - Usua Garin - Gorka Eizagirre

Iñigo Gorritxok eta Nerea Soraluzek sustatuta, Azkoitiko I. Puzzle Txapelketa egingo dute urriaren 17an, Elkargunean. Proba horretan parte hartzeko izen ematea zabalik dute oraindik, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte.

Pieza bat bestearen atzetik jarriz irudi bat osatzearen plazera, puzzle bat egitearen xarma, ez dago egun gizartean oso barreiatua. Haurtzaroko mahai joko bat izango zen askorentzat puzzlea, baina ume sasoia atzean utzita ere puzzleak egiten dihardutenen jende multzoa hazten ari da urteen poderioz. Talde horretako kideak dira, esaterako, Iñigo Gorritxo (Azkoitia, 1995) eta Nerea Soraluze (Azkoitia, 1999). Pandemia garaian denbora arinago igarotzeko asmoz hasi zen bikotea puzzle kaxetatik piezak mahai gainera ateratzen, baina duela bi urte eskas heldu zioten kontuari serioago. Hainbat puzzle txapelketatan parte hartu izan dute orduz geroztik, eta orain, urrats bat aurrera eginda, beren herrian antolatu dute halako hitzordu bat. Urriaren 17an, larunbatez, Azkoitiko I. Puzzle Txapelketa jokatuko dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Gorritxok eta Soraluzek adierazi dute puzzlearen bueltan egin duten kuadrillak bultzatuta antolatu dutela Azkoitian txapelketa. "Lagunek animatu gintuzten Azkoitiko txapelketa antolatzera, batik bat, beraiek ere beste txapelketa batean parte hartzeko aukera izan zezaten. Burua berotu ziguten, eta lanean hasi ginen", adierazi du Soraluzek. Txapelketa egiteko behar izan duten gauza bakarra udalak azpiegituraren bat uztea izan da; izan ere, gainerako guztiaz Aepuzz ari da arduratzen, Espainiako puzzle elkartea.

Elkargunea puzzle zaleen topaleku bihurtzeko erronkari heldu dio bikoteak. Goizean, 11:00etan, banakako txapelketa jokatuko dute, eta parte hartzaileek 500 piezako puzzlea bi ordu eta erdian amaitzea izango dute helburu. Arratsaldean, berriz, binakako txapelketak hartuko ditu areto horrek, 17:00etan hasita. Binaka ere 500 piezako puzzlea osatu beharko dute partaideek, baina, horretarako, bi ordu emango dizkiete antolatzaileek lehiakideei. Puzzlea behar bezala eta azkarren osatzen duenak irabaziko du lehia, eta egitea lortzen ez dutenei, mahai gainean kokatutako pieza kopurua zenbatuko diete, sailkapena horren arabera zehazteko.

Izena emandakoen kopurua mantso, baina gora egiten ari da egunez egun. "58 lagunentzako txapelketa antolatu dugu, eta egun 30 lagun inguru daude izena emanda, bai banakako lehiarako, bai binakakorako. Aurreneko aldiz egingo dugu txapelketa, eta gure asmoa izan da 35 bat lagunek izena ematea; oraingoz, ez goaz gaizki", azpimarratu du Gorritxok. Nolanahi ere, Soraluzek herritarrei dei egin die. "Nahi dugu jendeak puzzlearena zeinen afizio polita den ikustea. Ezezaguna da mundu hau, baina ari da pixkanaka jendea batzen". Parte hartzeko asmorik ez dutenei ere gonbidapena egin die Soraluzek, Elkargunean sortuko den giroa bertatik bertara ezagutu dezaten.

Aepuzz elkartearen webgunean eman daiteke izena Azkoitiko txapelketarako, hilaren 14ra arte. 15 euro ordaindu beharko da banakako probarako, eta 20 euro, binakakorako. Aepuzz elkarteko bazkideek, berriz, 5 euroko deskontua izango dute, baita Azkoitiko bizilagun guztiek ere. Sailkapen orokorreko lehen hiru sailkatuak eta herriko lehena sarituko dituzte antolatzaileek kategoria bakoitzean.

Pixkanaka hobetzen

Urte gutxi daramatza bikoteak puzzle munduan murgilduta, baina poliki-poliki, ari dira beren lekua egiten. Pandemia garaian, puzzle handiak egiten hasi ziren Gorritxo eta Soraluze, denbora "sobran" zutela eta. "4.000 eta 6.000 piezako puzzleak eginez hasi ginen. Biok gustuko genuen afizioa bihurtu zen gerora, eta duela bi urte inguru jakin genuen Espainian bazela puzzle elkarte bat: Aepuzz". Orduan ohartu ziren azkoitiarrak elkarte horrek txapelketak antolatzen zituela, eta puzzle txikiagoekin, 500 piezakoekin, txapelketarako prestatzen hasi ziren. "Txapelketetako dinamika zein zen ezagutzea eta horietan parte hartzea zen gure asmoa", adierazi du Soraluzek.

Orduz geroztik, txapelketa askotan parte hartu dute Gorritxok eta Soraluzek. "Urtean hamar edo hamabost txapelketatan parte hartuko dugu, batez beste. Egunetik egunera gero eta gusturago gabiltza, ikusi dugu-eta gure maila hobetzen ari dela. Hasieran, justu ibiltzen ginen puzzleak osatzeko, baina, orain, podiumetara gerturatzen edota horietara igotzen ari gara". Bikoteak argitu du puzzleekin jolasean hasi zirenean "ordu eta erdi inguru" behar izaten zituztela bien artean puzzlea egiteko. Gaur, berriz, aski dituzte 40 minutu eskas.

Hala eta guztiz ere, puzzle bakoitzak zehazten die Gorritxori eta Soraluzeri hura egiteko behar duten denbora. Gorritxok dio "posible" dela 500 piezako puzzle bat osatzeko 1.000 piezakoa baino denbora gehiago behar izatea. "Gauza askok baldintza" dezakete hori, haren esanetan: "Irudiaren xehetasunak edota koloreak kontuan izan behar dira... Gainera, ez da gauza bera irudi soil bat erakusten duen puzzle bat edo akuarelarekin margotutako puzzle bat osatzea; akuarelarekin egindako puzzlearen irudiak lausoagoak dira, eta zailagoak dira egiteko", esan du.

Txapelketa baten atarian, "bestelako egunetan baino gehiago" praktikatzen du Azkoitiko bikoteak. "Joan den astean, Ermuan [Bizkaia] izan genuen txapelketa, eta aste guztia igaro genuen puzzleak osatzen. Puzzlea bera zein den ez, baina, normalean, aldez aurretik jakiten dugu txapelketa horretan zer markatako puzzleekin aritu beharko dugun; Educa Borras, Ravensburger, Clementoni eta CherryPazzi marketakoak izan ohi dira, betiere". Txapelketan zein markatako puzzleekin jardun beharko duten jakinarazten dietenean hasten dira horiekin etxean entrenatzen. Egunerokotasunean, oro har, 500 piezako puzzle kaxak zabaltzen ditu bikoteak, baina ausartu dira lan handiagoekin ere; izan ere, 9.000 piezako puzzle bat dute orain esku artean. "Apur bat alboratuta dugu; gaur-gaurkoz puzzle horren herena-edo izango dugu osatuta. Dena den, badugu puzzle hori berrartzeko asmoa".

Han eta hemen dabiltza

Puzzleari esker erakusleiho berri bat zabaldu zaio bikoteari. Datorren asteburuan, esaterako, Andorrara joango dira, hango puzzle denda batek antolatutako txapelketa batean parte hartzera. Valladoliden (Espainia), Barakaldon (Bizkaia) eta Donostian izango dituzte hurrengo hitzorduak. Nafarroan, berriz, 24 orduko txapelketa bat egingo dute. Gorritxok eta Soraluzek ezingo dute beren herrian sustatu duten txapelketan parte hartu, "pena handiz". Halere, txapelketak arrakasta izan dezan lan egingo dute egunotan, puzzlearekiko zaletasunak herriansustrai sakonagoak errotu ditzan eta izena emandako partaide guztiek egun ahaztezina bizi dezaten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide