Domu Santu bezperaren atarian, Gau Beltzari lekua egin diote Elkargunean

Ane Olaizola

Atzoko hitzaldian elkartu ziren herritarrak. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Euskara Mahaiak antolatuta, Gau Beltza ez da Halloween solasaldia eskaini zuen atzo Josu Ozaita antropologoak. Antolatzaileen asmoa da aurten herrian Gau Beltza ospatzea, eta gaia herritarren artean gizarteratzea izan zen atzoko hitzaldiaren asmoa. 

Domu Santu bezperan Gau Beltza ospatu izan da ohituraz Euskal Herrian, baina azken urteetan Halloween ospakizunak hartu ditu herrialdeko hainbat txoko; tartean, Azkoitikoak. Urriaren 31ren atarian, egun berean ospatzen diren bi festa egun horien inguruan aritu zen atzo hizketan Josu Ozaita antropologoa, Azkoitiko Euskara Mahaiak antolatutako Gau Beltza ez da Halloween solasaldian. 

Elkarguneko Oteiza aretoan elkartu ziren hainbat herritar Gau Beltzaren inguruan sakontzeko. Antropologoa Gau Beltza: Itzalitako kalabazen berpiztea lanaren egilea da Jaime Altunarekin batera, eta Ozaitak honako galdera hauek erantzunez osatu zuen atzoko hitzaldia: zer da Gau Beltza? Nolako izaera du? Zer gertatu da azken urteotan? Galdera horiek erantzuteko, Gau Beltza berreskuratu duten hainbat udalerriren kasuak plazaratu zituen, eta eredu bat baino gehiago jarri zituen adibidetzat. 

Euskara Mahaia, prestaketetan

Ikasturtea hasi zuenetik, Gau Beltzaren lanketan murgilduta dabil Euskara Mahaia. Taldearen asmoa da aurten Azkoitian aurrenekoz Gau Beltzari lotutako ekitaldiak antolatzea, eta gaia herritarren artean gizarteratzeko asmoz prestatutako solasaldia izan zen atzokoa. Hain zuzen, Gau Beltza antolatzeko herritarren beharra duela azaldu du Euskara Mahaiak, eta festa hori antolatzen ari den lantaldean parte hartzera animatu ditu herritarrak; batez ere, gurasoak, haien seme-alabak izango direlako egun horren bueltan egingo diren ekintzak jasoko dituztenak. 

Josu Ozaita antropologoa, atzo, hitzaldian. (Ane Olaizola)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide