Udal tasak eta zergak izango dituzte hizpide biharko ezohiko udalbatzarrean

Andoni Elduaien

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Datorren urterako ordenantza fiskalei hasierako onespena ematea izango dute xede udal taldeek biharko bilkuran. 18:00etan hasiko da ezohiko udalbatzarra, eta udalak emandako seinaleari esker, Gukak zuzenean eskainiko du bilkura hori.

Azkoitiko Udalak ezohiko udalbatzarra egingo du bihar, osteguna, udaletxeko bilkura areto nagusian (18:00). Besteren artean, udal tasak eta zergak izango dituzte hizketagai. Hain zuzen ere, datorren urterako ordenantza fiskalei hasierako onespena ematea izango dute xede udal taldeek biharko bilkuran.

Horrekin batera, Nagore Orbea EH Bilduko zinegotziak dimisioa aurkeztu du, eta kontu horri onarpena ematea udalbatzari dagokionez, biharko saioan hitz egingo dute. Etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitu aurreko dokumentazioa ere galdegingo dute biharko bilkuran.

Gukak, Azkoitiko Udalak emandako seinaleari esker, zuzenean emango du 2027ko udal tasak eta zergak eztabaidatzeko ezohiko bilkura. Hona hemen biharko udalbatzarraren gai zerrenda: 

  1. Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitu aurretik dokumentazioa errekeritzea.
  2. 2027rako trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  3. 2027rako ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  4. 2027rako hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  5. 2027rako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  6. 2027rako udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  7. 2027rako hondakin solidoak eta geldoak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko edo deuseztatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  8. 2027rako zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  9. 2027rako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi-ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  10. 2027rako taxi tarifen onespena.
  11. Nagore Orbea Sanchez zinegotziaren dimisioa onartzea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide