Kaleak grisez jantzi dira alzheimerraren ikerketaren alde

Iraia Oteiza

Haur, gazte eta heldu, 1.300 parte hartzailetik gora izan ditu Ttipi-Ttapa elkarteak antolatutako Lasterketa Solidarioak. Alzheimer gaitzaren ikerketa bultzatzeko bideratuko dute aurten bildutako dirua.

Gris koloredun kamisetak nagusitu dira arratsaldean Azkoitiko plazan eta inguruko kaleetan. 1.300 bat haurrek nahiz helduk parte hartu dute Ttipi-Ttapa elkarteak antolatutako VI. Lasterketa Solidarioan, eta antolatzaileek aurtengorako prestatu dituzten kamisetak ikus zitezkeen nonahi. 

17:00etan hasita egin dituzte umeentzako hiru lasterketak, eta 18:00etan hasi da helduena. Oinez abiatu dira parte hartzaile guztiak plazatik Kale Nagusian behera, eta korrika egiteko aukera izan dute gero hala nahi zutenek. Behin lasterketak amaituta, parte hartzaileen artean hainbat opari zozkatu dituzte.

Aurtengo Lasterketa Solidarioak alzheimerraren ikerkuntzan bere ekarpena egin du; egitasmoari esker bildutako diru guztia Cita Alzheimer fundazioari emango diote, gaitz horren inguruko terapian, sentsibilizazioan eta ikerketan lana egiten jarrai dezan. Hala, elkartasun lasterketaren seigarren edizio honetan ere kirola, elkartasuna eta festa giroa eskutik helduta izan dira. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide