Sentsibilizazio jolasekin indarrak hartuta, Lasterketa Solidariorako prest dira herritarrak

Iraia Oteiza

Ehunka herritar bilduko ditu arratsaldean Lasterketa Solidarioak, baina goizetik hasi dira horretarako motorrak berotzen. Marea Urdinaren eskutik, sentsibilizazio jolasak egin dituzte goizean zehar, eta trikitilarien doinuek girotu dituzte kaleak. Bitartean, lasterketarako dortsalak banatu dituzte plazan. 

Alzheimerrari aurre egiteko eta gaitzaz kontzientziatzeko Ttipi-Ttapa taldeak antolatutako Lasterketa Solidarioa arratsaldean egingo duten arren, goizean hasi dira horretarako girotzen. 10:00etan hasita, lasterketarako dortsalak banatu dituzte herriko plazan, eta bitartean, sentsibilizazio jolasak egin dituzte adin ezberdinetako haurrekin, Marea Urdinaren laguntzarekin. Kaleak girotzen hasteko, berriz, trikitilariak kalejiran ibili dira eguerdi partean. 

Bazkalondoren, disko jartzaileek hartuko diete haiei lekukoa; plazan izango da haien animazioa, lasterketak hasi bitartean. Ondoren izango dira eguneko hitzordu nagusiak: elkartasun lasterketak.17:00etan, umeen txanda izango da, eta adinaren arabera banatuta, 400 metrotik 1.200 metro arterako distantziak egingo dituzte HHtik LH6. mailara arteko ikasleek herrian zehar. Ordubete beranduago hasiko da 13 urtetik gorakoena. Horiek ere herrian zehar osatuko dute ibilbidea, lau kilometrokoa, eta haurrek bezala, oinez edo korrika egiteko aukera izango dute. Behin lasterketak amaituta, Elkargunean dutxatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta 19:00etan, zozketak eginda amaituko dute egitasmoa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide