Azkoitiko Euskara Mahaia Gau Beltzari lotutako lanketan dabil murgilduta, eta urriaren 31n, Domu Santu bezperan, Euskal Herrian tradizioz ospatu izan den jaiaz informatzeko hitzaldia prestatu du datorren astearterako: Gau Beltza ez da Halloween. Josu Ozaita antropologoak emango ditu azalpenak Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:30ean.
Azkoitiko Euskara Mahaiak adierazi du AEBetako Halloween festa "gero eta leku handiagoa" hartzen ari dela Azkoitian, eta iaz, hainbat gurasok "kezka" hori adierazi zietela taldeari zein Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari. Horren aurrean, Euskara Mahaiak Gau Beltzari eutsi dio aurtengo ikasturtean, haren helburua baita "euskal kutsua" izango duen Gau Beltza ospatzea hilaren amaieran. "Ezertan hasi aurretik, Gau Beltza Euskal Herrian zer izan den eta gure aiton-amonek nola bizi izan zuten jakiteko Euskara Mahaiak aurrena informatzea dela onena pentsatu du", esan du taldeak, eta horretarako prestatu du astearteko hitzaldia.
Gau Beltza: Itzalitako kalabazen berpiztea lanaren egilea da, Jaime Altunarekin batera, Ozaita, eta honako galdera hauek erantzuten saiatuko da Azkoitiko solasaldian: zer da Gau Beltza? Nolako izaera du? Zer gertatu da azken urteotan? Antolatzaileen esanetan, Gau Beltza azken urteetan "azkar" zabaldu den "fenomeno berezia" da, eta Halloween ospakizunaren egun berean ospatzen bada ere, "desberdintasun handiak" ditu. Hain zuzen, publikoa Gau Beltzean "barneratu eta hausnarketan" jarriko duen hitzaldia eskainiko du Ozaitak.
Gurasoei dei berezia
Aurten Azkoitian Gau Beltza ospatzea da Euskara Mahaiaren nahia, baina horretarako herritarren beharra duela jakinarazi du. Hori hala, festa hori antolatzen ari den lantaldean parte hartzera animatu du gaian interesa duen edonor, eta batez ere gurasoei egin die deia, haien seme-alabak izango direlako egun horren bueltan egingo diren ekintzak jasoko dituztenak.