"Giro onekoak eta parte hartze handikoak izan dira aurtengo andremariak", alkatearen arabera

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 21a

Azkoitiko plaza beteta, andremarietako txupinazo garaian. (Aitziber Arzallus)

Jaiak oro har "normaltasunez" igaro direla esan du Ana Azkoitia alkateak, eta herritarrek "harrera beroa" egin dietela bost egunez jarraian izan diren askotariko jarduerei. Udalaren izenean eskerrak eman dizkie dena ondo atera dadin lagundu duten udal barruko zein kanpoko pertsonei, erakundeei eta elkarteei. 

Abuztuaren 18an bukatu ziren andremariak, eta orain, jaien balorazioa egiteko tartea hartu du Ana Azkoitia alkateak. Oro har jaiak "normaltasunez" igaro direla esan du Azkoitiak, eta hori "albiste ona" dela. "Ez da nahigaberik egon, giro ona nagusitu da, eta jendeak gozatu egin du. Parte hartzea handia dela esango nuke", adierazi du alkateak. Hori hala, festen balorazio "positiboa" egin du, eta horrek, neurri handi batean, lankidetzari eta ekarpenari erantzuten diola gaineratu du. "Herritarrei festak errespetuz, berdintasunean eta gizalegez bizitzeko eskatu genien; horrela egin dute, eta aitortu beharrekoa da”.

Udalaren arabera, eguraldiak orokorrean lagundu egin du. Abuztuaren 15ean, baina, euri jasagatik bertan behera geratu zen erraldoien eta buruhandien kalejira, eta gimnastika erritmikoko emanaldia eliza ataritik Elkargunera lekualdatu behar izan zuten. 

Bestelakoan, alkateak dio herritarrek "harrera beroa" egin dietela festei, eta bost egunez jarraian, adin eta publiko guztiei zuzendutako 60 jardueratik gora izan dituztela horiek gozagarri. "Irudi politak utzi dituzte, besteak beste, Salbeak, erraldoi eta buruhandien kalejirek, kontzertuek, kaleko emanaldiek, zaldi eta behorren txapelketak, film laburren lehiaketak, su artifizialek, 90 urteko gizon-emakumeei eginiko omenaldiak edota bazkari herrikoiak. Kirolak ere presentzia nabarmena izan du; jendetza erakarri dute pilota partidek, Euskal Herria Koparen finalerdiak, herri kirolek edota atletismo probek".

Eskertuta

Azkoitiko Udalaren izenean alkateak eskerrak eman dizkie dena ondo atera dadin lagundu duten udal barruko zein kanpoko pertsonei, erakundeei eta elkarteei. "Jaietan, jende askok egiten du lan jarduera guztiak ondo garatzeko, segurtasuna zaintzeko, edo kale garbiketa bermatzeko. Denei eskerrak eman behar dizkiegu, haien laguntzarik gabe ezingo genukeelako festarik ospatu".

Andremarien inguruko "balorazio sakonagoa" udalak irailean egingo duela aurreratu du alkateak: "Irailean logistikaren, eraginkortasunaren edo programazioaren ikuspegitik egon daitezkeen akatsak zuzentzeko edota berrikuntzak edo hobekuntzak txertatzeko egingo da balorazio hori, baina festen lehenengo estimazioa positiboa da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide