Ekitaldiz josita hasi dute Baserritarren Eguna

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 17a

Goizetik suma zitekeen festa giroa herrian; izan ere, trikitilariak eta dultzaineroak aritu dira kalez kale giroa alaitzen. Goizean hasi da Inazio Iriarte margo lehiaketa ere, Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa Artazo ganadutegiak irabazi du, umeek jolaserako aukera izan dute Gaztaneneako parkearen bueltan, eta herritarrek gozatua hartu dute herri kirol erakustaldiarekin. 90 urteko herritarrek omenaldia jasoko dute bazkal ostean, eta arratsaldean ere izango da festarako aukerarik herrian. 

Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejirarekin esnatu da gaur Azkoitia, eta goizean goizetik festa giroa da nagusi herrian; izan ere, Baserritarren Eguna ospatzen ari dira gaur, andremarietako laugarren egunean. Eguna bustitik hasi den arren, eguraldiak hobera egin du gero, eta jendetza bildu da herriko txoko ezberdinetan. 

Goizean hasi dute Inazio Iriarte margo lehiaketaren 43. edizioa, eta beharrezkoa den materiala hartuta, herriko hainbat txokotan aritu dira partaideak margoketa lanetan. Sari banaketa arratsaldean egingo dute, 19:30ean, Portaleburu aretoan.

Bestalde, aurrenekoz, Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa izan da Plazaberrin. Hamabi ganadutegik parte hartu dute lehian, 62 zaldi eta behorrekin, eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Artazo ganadutegiak irabazi du. Ikusmina piztu du zaldi eta behorren erakusketak, eta jende ugari bildu da animalien bueltan. 

Nola ez, erraldoiak eta buruhandiak ere ibili dira gaur ere kalejiran, Txalkor txistulari taldekoek lagunduta, eta herriko trikitilari hainbat kalez kale aritu dira soinu txikia eta panderoa astintzen. Haurrek eta gaztetxoek, gainera, Bizijolas izenpean askotariko jolasetan ibiltzeko aukera izan dute Gaztaneneako parke estaliaren bueltan. Baziren oreka lantzeko jolasak, punteria zorroztekoak, ukimena erabiltzekoak, buruari eragitekoak eta abar. Arratsaldean zehar ere izango da horietan ibiltzeko aukera. 

Halaber, 12:00ak jotzearekin hasi da herri kirol jaialdia plazan. Herritar ugari joan da kirolarien emanaldia ikustera, eta haiek ez dute hutsik egin: izan ere, ederki aritu dira Xabier Aranburu Guzta, Mikel Lopetegi Urra, Udane Ostolaza eta Irati Osinalde harri jasotzen, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza aizkoran, baita Joxe Angel Sarasola motozerrarekin eta altueran enborra ebakitzen ere. 

Bestalde, egun handia izan ohi da jubilatuentzat, batez ere urtez urte 90 urte betetzen dituztenentzat. Gaurkoan, mezara joan dira adineko ugari, eta gero, bazkaria egin dute Elkargunean. 90 urteko herritarrek omenaldia jasoko dute bazkal ostean.

Arratsaldean segituko du festak; izan ere, besteak beste, umeentzako jolasak, zezen txikiak eta poniak, bikote helduen dantza suelto txapelketa, mus txapelketa, margo lehiaketako sari banaketa, erromeria nahiz suzko zezena izango dira. Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:

Gaur, Baserritarren Eguna

  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 16:00. Mus txapelketarako izen-ematea, txosnagunean.
  • 17:00. Mus txapelketa, txosnagunean.
  • 17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 18:30. Pontx pailazoa, herriko plazan.
  • 19:30. 43. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.
  • 22:00. Enaitz eta Erkizia bikotearen erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Bihar, Kuadrillen Eguna

  • 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia.
  • 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena ikuskizuna, herriko plazan.
  • 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
  • 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide