90 urteko herritarrei omenaldi beroa egin diete

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 17a

2026an 41 herritarrek beteko dituzte 90 urte, eta horiek omendu ditu Azkoitiko Udalak eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak. Meza izan dute aurrena, Elkargunean bazkaldu dute gero, eta omenaldirako tartea izan da ondoren. 90 urteko 17 herritar eta haien familiak bildu dira omenaldian. 

Andremarien laugarren egunarekin batera, 2026an 90 urte betetzen dituzten herritarrak omendu ditu Azkoitiko Udalak eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak. Goizean mezan izan dira, eta eguerdi partean Elkarguneko Herriko plaza aretoan elkartu dira omenduak eta euren familiak, elkarrekin bazkaltzeko. Aurten 41 gizon eta emakumek beteko dituzte Azkoitian 90 urte, eta horietatik 17 izan dira omenaldian. 

Ana Azkoitia alkateak zorion hitzak eskaini dizkie omenduei: "Bizitza ospatzen ari gara gaur, bere gazi-gozo guztiekin. Bederatzi hamarkadak askorako ematen dute; Espainiako Gerra, Frankismoa, Bigarren Mundu Gerra... gure historia hurbileko atal askoren lekuko izan zarete. Egunsenti bakoitza, ordea, gutako bakoitzaren bizitzako orri zuri bat da, eta guk erabakitzen dugu nola bete". Ilusio eta esperantza mezua luzatu die alkateak omenduei, eta “bizitzari heltzeko” eskatu die.

Jarraian, udal ordezkariek eta Plaza Ondo elkarteko arduradunek opari bana eman diete omenduei, eta ondoren Izer eta Alabier trikitilarien emanaldiaz gozatzeko parada izan dute guztiek. Omenduek eta haien familiek gogotik gozatu dute. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide