Andremaria festen barruan, San Roke eguna ospatzen ari dira gaur azkoitiarrak, baina horrez gain, baita Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) hirugarren urtez jarraian antolatu duen Gazte Eguna ere. Hori horrela, bazkalaurretik ekin diote gaur txosnaguneko egitarauari, vermuteo musikatuarekin, eta ondoren, txosnagunean bertan bazkaldu dute hala nahi izan duten guztiek. 65 lagun baino gehiago elkartu dira aurtengoan, Gazte Eguna urtez urte indarra hartzen ari denaren erakusgarri.
Arratsaldean, berriz, Elektrokelaren doinuek lagunduta, kalez kale ibili dira gazteak, gehienak AGAren kamiseta granateak soinean, argazkietan ikus daitekeen moduan. Minutuek aurrera egin ahala, elektrotxarangaren bueltako jende multzoa handituz joan da, baita giroa berotuz ere.
Gazte Eguna borobiltzeko, 01:00etik aurrera GZKL eta Lurrikara taldeak igoko dira txosnaguneko oholtzara, eta haien emanaldiak bukatutakoan, 02:00etatik aurrera gutxi gorabehera, txumba izango da txosnagunean.
AGAk antolatutako ekitaldiez gain, baina, udalak antolatutako beste hainbat ere izan dira gaur arratsaldean, eta horietan ere jende askok parte hartu du. Balda plazako umeentzako ur parkean, esaterako, ilara luzeak sortu dira zabaldu duten unetik. Iazko berorik ez, baina sargori egin du gaur ere, eta zer plan hoberik ur parkean freskatu bat hartzea baino; are gehiago Ugarteigarango igerileku txikia itxita egonda.
Eta Balda plazan ez ezik, jendetza batu da eliz atarian ere, Tio Teronen Semeak konpainiaren Freshcool ikuskizunak erakarrita. Publikoarentzat prestatutako jarleku guztiak aise bete dira, eta asko eta asko izan dira emanaldia zutik ikusi dutenak.
Arratsalderako bezala, iluntzerako ere hainbat ekitaldi antolatuta ditu udalak. 21:15ean hasita, Sukena taldeak kontzertua emango du plazan; jarraian, 23:00etan, suzko erroberek argituko dute zerua; eta horren ostean, Bengo igoko da plazako agertokira kontzertua ematera.
Hona hemen datozen ordu eta egunetako egitaraua osorik:
Gaur, igandea, San Roke eguna
- 21:15. Sukena taldearen kontzertua, herriko plazan.
- 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
- 23:30. Bengo abeslariaren kontzertua, plazan.
- 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
- 01:00. GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak, txosnagunean.
- 02:00. Txumba, txosnagunean.
Bihar, astelehena, Baserritarren Eguna
- 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen 43. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan.
- 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
- 09:30. Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa, Plazaberrin.
- 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
- 11:30. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
- 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
- 12:00. Herri kirolen jaialdia, plazan.
- 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunea eraikineko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
- 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
- 16:00. Mus txapelketarako izen-ematea, txosnagunean.
- 17:00. Mus txapelketa, txosnagunean.
- 17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
- 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
- 18:30. Pontx pailazoa, herriko plazan.
- 19:30. 43. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.
- 22:00. Enaitz eta Erkizia bikotearen erromeria, Balda plazan.
- 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
- Ondoren, erromeriak jarraituko du.
Etzi, asteartea, Kuadrillen Eguna
- 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia.
- 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
- 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
- 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
- Ondoren, suzko zezena ikuskziuna, herriko plazan.
- 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
- 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
- 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.