San Roke egunarekin, aurtengo andremariak ere iritsi dira erdibidera. Lehen egunetako ajeari aurre eginez, gaur ere festara aterako dira herritarrak, eta goizean ere suma zitekeen jai giroa herrian. Izan ere, udal ordezkarien korporazioa, meza nahiz erraldoien eta buruhandien kalejira izan dira lehen orduetako protagonistak.
Goizeko lehen hitzorduak, atzoko moduan, ekitaldi instituzionalak izan dira; EAJko eta PSE-EEko udal ordezkariak korporazioan joan dira Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta. 11:00etan meza izan da, eta elizkizuna bukatzean, atzera korporazioan itzuli dira Ana Azkoitia alkatea eta zinegotziak plazara. Bien bitartean atera dira kalera erraldoiak eta buruhandiak, eta asko izan dira haiekin gozatu duten herritarrak; San Martin auzora ere joan dira gaur horiek.
Gaurko egunez ohikoa den gisan, 12:00en bueltan jendetza joan da plazara. Izan ere, udal ordezkari batzuek aurreskua dantzatu diete herritarrei. Ondoren, dantza ekitaldian parte hartu dute hainbat herritarrek nahiz Sahatsako kideek. Segidan, gainera, kontzertua eskaini dute Musika Bandako kideek eta Zubiondoko gaiteroek Kontzejupean.
Txosnagunean ere egun osorako egitaraua dute prestatuta, eta nabari zitekeen hori eguerdi parterako. Hain zuzen ere, trago bat hartu bitartean, bazkaritarako paella prestatzen aritu dira hainbat lagun. Gero, bazkaritarako elkartu dira txosnagunean, eta arratsaldetik gauera hitzordu hainbat izango dituzte.
Datozen orduetan ere hainbat ekitaldi izango dira herrian. Hona hemen egitaraua:
Gaur, San Roke eguna
- 16:00. Ur parkea, Balda plazan.
- 16:30. La Ruina, txosnagunean.
- 18:00. Elektrokelaren emanaldia, txosnagunean.
- 19:00. Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdia Realaren eta Eibarren lehen taldeekin, Txerloia futbol zelaian.
- 19:00. Freshcool ikuskizuna, eliz atarian, Tio Teronen Semeak konpainiaren eskutik.
- 21:15. Sukena taldearen kontzertua, herriko plazan.
- 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
- 23:30. Bengo abeslariaren kontzertua, plazan.
- 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
- 01:00. GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak, txosnagunean.
- 02:00. Txumba, txosnagunean.
(Argazkiak: Julene Frantzesena, Mireia Galarza eta Azkoitiko Udala)