Hautz lokalaren 'Hoidek showe Truman' eta Txapaferuen 'Nor bere hitzen morroi' film laburrak saritu dituzte

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 16a

Plaza jendez lepo, atzo iluntzean, film laburren emanaldian. (Azkoitiko Udala)

Bost lan aurkeztu dituzte lehiaketara, baina bi kanpoan utzi dituzte, oinarriak betetzen ez zituztelako. Dena dela, denak bota dituzte plaza leporaino bete duten herritarren aurrean.

Film Laburren XIV. Lehiaketak baditu saridunak. Aurkeztutako bost lanak atzo gauean bota zituzten plazan jarritako pantaila handian, ohi bezala plaza jendez leporaino beteta zela. Epaimahaiaren saria Hautz lokalak irabazi du Hoidek showe Truman filmagatik, eta Publikoaren Saria Txapaferuek jaso dute, Nor bere hitzen morroi lanagatik.

Guztira bost lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, baina horietatik bi sarien lehiatik kanpo utzi zituen epaimahaiak, oinarriak ez zituztelako betetzen; hain zuzen ere, lehiaketaren oinarrietan film bakoitzarentzat ezartzen den gehieneko iraupena gainditu egiten zuten. Hala ere, bost filmak bota zituzten atzo herritarren gozamenerako. Aurtengo gaia Sekretua izan da; hona hemen lan guztiak ikusgai: 

Epaimahaiaren sariduna: Hautz lokalaren Hoidek showe Truman

Publikoaren sariduna: Txapaferuen Nor bere hitzen morroi

Aberixen Debarrue

Samiñoko Bidoien Willy's Diamond (lehiaketatik kanpo)

Azkoitiko Gazte Asanbladaren Sekretie 2 (lehiaketatik kanpo)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide