Udala hasi da andremaria jaietako egitaraua etxez etxe banatzen

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 6a

Herritar ugari plazan, iazko txupinazoan. (Aitziber Arzallus)

Abuztuaren 14tik 18ra izango dira aurten ere jaiak, eta ez da ekitaldirik faltako bost egun horietan; izan ere, Azkoitiko Udalak askotariko 60 ekitaldi baino gehiago prestatu ditu.

Ate joka dira Andre Maria jaiak, eta udala gaur hasi da festetako egitaraua etxez etxe banatzen. Abuztuaren 14tik 18ra izango dira aurten ere jaiak, eta ez da ekitaldirik faltako bost egun horietan; izan ere, erakundeak askotariko ekitaldiak prestatu ditu.

Orotara, 60 hitzordu baino gehiago izango dira, besteren artean, kontzertuak, kalejirak, kirol saioak, kale ikuskizunak nahiz ekitaldi instituzionalak. "Urtero ahalegintzen gara ahalik eta egitaraurik anitzena eta zabalena eskaintzen, mundu guztiak izan ditzan gustuko proposamenak. Denek ospatzeko eta dibertitzeko aukera izatea nahi dugu", esan du Igor Isuskiza Festa zinegotziak.

Zapiak, edalontziak eta erraldoi txikiak

Gainera, udalak festetako zapiak eta Ondo pasau, ondo pasau... pasatzeke! lelodun edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditu herritarren artean. Banaketa abuztuaren 13an, ostegunez, gauzatuko du erakundeak, 18:00etatik 19:30era, Kontzejupean. Hurrengo egunean, Andre Maria bezperan ere eskuratu ahal izango dira han, 10:30etik 11:30era.

Edalontziak udaleko Berdintasun eta Prebentzio arloaren ekimenez banatuko dituzte, jai parekideen aldeko sentsibilizazio kanpainaren barruan. Gainera, berdintasunaren eta errespetuaren aldeko mezua zabaltzen duen sentsibilizazio bideo bat ere kaleratuko du udalak datozen egunetan. 

Bestalde, erraldoi pilotarien erreplika txikiak salgai izango dira Andre Maria bezperan Portaleburu erakusketa aretoan, 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Hona hemen aurtengo andremarietarako udalak prestatu duen egitaraua:

Abuztuak 14, ostirala, Andre Maria bezpera

  • 12:00. Andremarien hasierako txupinazoa, plazan, Sahatsa dantza taldeko kideen eskutik. Musika Bandak Ondo pasau andramaixek joko du, eta gero, Azkoitia abestuko dute Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak, Musika Bandaren laguntzarekin.
  • 12:30. Azkoitiko, Txantreako eta Buztintxuriko erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 17:00. Haur parkea, Balda plazan.
  • 17:00. Gazte parkea, Elkarguneko goiko zelaian.
  • 19:00. Deladar txaranga, kalez kale.
  • 19:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 20:00. Herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestuko dituzte parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.
  • 23:00. Janus Lester abeslariaren kontzertua, herriko plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Abuztuak 15, larunbata, Andre Maria eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Zubiondo gaiteroekin.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Caixabank Masters Txapelketako partida jokatuko dute Altuna III.ak eta Imazek Larrazabalen eta Zabaletaren kontra, eta Muruak eta Eskirozek Amianoren eta Gabirondoren aurka.
  • 17:30. Egurrezko jokoak Ikurriñaren plazan, Txiki Chef herriko plazan eta karaokea Azoka Plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:30. Muxikoak, Balda plazan, Patxi eta Konpainiarekin.
  • 20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, parrokiaren aurrean.
  • 22:00. Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan. Aurtengo gaia sekretua da.
  • Ondoren, La Reina del Pop taldearen kontzertua, plazan.

Abuztuak 16, igandea, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkarien korporazioa Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Aurreskua, plazan.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 16:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 19:00. Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdia Realaren eta Eibarren lehen taldeekin, Txerloia futbol zelaian.
  • 19:00. Freshcool ikuskizuna, eliz atarian, Tio Teronen Semeak konpainiaren eskutik.
  • 21:15. Sukena taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
  • 23:30. Bengo abeslariaren kontzertua, plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.

Abuztuak 17, astelehena, Baserritarren Eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen 43. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. 
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 11:30. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirolen jaialdia, plazan.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunea eraikineko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 18:30. Pontx pailazoa, herriko plazan.
  • 19:30. 43. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.
  • 22:00. Enaitz eta Erkizi bikotearen erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuak 18, asteartea, Kuadrillen Eguna

  • 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia. 
  • 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena ikuskziuna, herriko plazan.
  • 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide