Andremariak 2026

Realaren eta Eibarren arteko finalerdia, andremarietako osagai bat gehiago

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 23a

Martija, Azkoitia, Etxeberria, Candal, Zurutuza eta Isuskiza, udaletxean. (Andoni Elduaien)

Abuztuaren 16an jokatuko dute txuri-urdinek eta armaginek Euskal Herria Kopa txapelketako finalerdia, Txerloia futbol zelaian. Gaur aurkeztu dute partida udaleko, txapelketaren antolatzaile taldeko, Anaitasuna futbol taldeko eta finalerdia jokatuko duten bi taldeetako ordezkariek. Partida ikusteko sarrerak 7 euroren truke eskuratu daitezke. 

Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdiak jokatuko dituzte andremarietan, abuztuaren 16an, Txerloia futbol zelaian (19:00). Realaren eta Eibarren lehen taldeek neurtuko dituzte indarrak egun horretan Azkoitian, eta gaur, osteguna, udaletxean egin dute partida horren aurkezpena. Ana Azkoitia alkateak, Igor Isuskiza Kirol zinegotziak, Roberto Martija Anaitasuna futbol taldeko zuzendaritzako kideak, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko arduradunak, Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendariak eta Rocio Candal Eibarko kirol zuzendariak parte hartu dute hitzorduan. 

Badira urte batzuk andremarietan futbol partidarik jokatzen ez dela. 2018. urtean jokatu zuten azkenekoz Javier Sagarzazu zenaren omenezko neurketa herriko festen egitarauaren barruan, baina ordutik Txerloian ez da izan futbol partidarik andremarietan. Azkoitiko finalerdian, F Ligan diharduten Realaren eta Eibarren arteko derbia jokatuko dute. Beste finalerdia, berriz, Amurrion (Araba) jokatuko dute Athleticek eta Alavesek. Bi partida horietako irabazleek abuztuaren 19an, asteazkenez, neurtuko dituzte indarrak Irungo (Gipuzkoa) Gal estadioan.

Txapelketa antolatzeko lanetan bete-betean murgilduta dabilen Zurutuzak eskerrak eman dizkie udalari, Anaitasunari, Realari eta Eibarri partida Azkoitian jokatu dadin erakutsi duten borondateagatik. Euskal Herria Kirola elkartearen helburu nagusia Euskal Herri mailako kirol txapelketak, ligak edota kopak antolatzea da, baita Euskal Herriko selekzioa nazioartean onartua izatea ere, eta oinarrian duten asmoa gogoan izan du Zurutuzak: "Munduko Kopa amaitu da, baina guri, orain, gurea jokatzea tokatzen zaigu: Euskal Herria Kopa". 

Azkoitia alkateak egin die harrera guztiei, eta hark nabarmendu du azken urteetan herriko festetan emakume kirolariei "beren lekua ematen" saiatzen ari direla. Iaz, esaterako, emakumeen pilota partidak antolatu zituen udalak, eta alkateak esan du aurten ere horixe zela erakundearen asmoa. Dena den, Azkoitiak azpimarratu du "agenda kontuengatik" ezin izan dituztela emakumeen pilota partidak antolatu, baina, ezustean, futbolaren eskutik zabaldu zaiola udalari beste aukera bat: "Euskal Herria Koparen barruan, Realaren eta Eibarren arteko partida Txerloian jokatzeko aukera sortu zitzaigun, eta Anaitasunakoekin hitz egin eta gero, gonbidapena onartzea erabaki genuen. Ziur nago egundoko ikuskizuna emango digutela bi taldeek; gu gozatzera eta animatzera joango gara futbol zelaira", esan du. Isuskiza zinegotziak, bere aldetik, Anaitasuna, Reala eta Eibar emakumeen futbolaren alde egiten ari diren lana eskertu du. "Garbi dago egun emakumeen futbola zer-nolako indarra hartzen ari den eta zer-nolako osasuna duen".

Anaitasunako Martijak adierazi du Azkoitiko klubarentzat "ohorea" izango dela halako partida bat Txerloian hartzea: "Harro gaude halako maila duten taldeen arteko neurketa bat Azkoitian jokatuko delako". Herriko festekin bat egingo du partidak, baina Anaitasunako zuzendaritzako kideak norgehiagoka ikustera joateko deia zabaldu nahi izan du herritarren artean. 

Bi klubak, gogotsu

Realeko eta Eibarko ordezkariek ere hartu dute hitza; Etxeberriak eta Candalek eragile guztien ahalegina eskertu dute. Realeko kirol zuzendariak esan du "gustura" eta "pozik" etorriko direla Txerloira. "Goi mailako partida izango da, gorenean dauden bi talderen artekoa. Txapelketa polita da Euskal Herria Kopa. Lanketa handia dago horren guztiaren atzean, eta garrantzitsua da Euskal Herriarentzat zer esan nahi duen ikusita".

Eibarko kirol zuzendariak, bestalde, partida "berezia" izango dela adierazi du: "Derbia da, Gipuzkoako bi talderen arteko derbia. Futbolerako tradizio handia duen herri batean arituko gara, eta horregatik, ilusio bereziarekin etorriko gara Azkoitira". Era berean, Euskal Herria Kopari babesa helaraztera deitu ditu hark herritarrak: "Zorte handia dugu halako txapelketa bat dugulako. Ni Galiziakoa naiz, eta betidanik piztu izan dit arreta txapelketa honek. Altxor handi bat da txapelketa hau, eta zaindu egin behar dugu, urtez urte gozatzen jarraitu ahal izateko". 

Sarrerak, salgai

Realaren eta Eibarren arteko partida ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko. Euskal Herria Kirola elkartearen webgunean eskura daitezke online, 7 euroren truke. Nolanahi ere, Anaitasuna futbol taldeko bazkideek eta 14 urtetik beherako herritarrek doan eskuratu ahal izango dituzte partida bertatik bertara ikusteko sarrerak. Neurketaren egunean, Anaitasunako ordezkariek Txerloiko leihatilan ere salduko dituzte sarrerak, aurrez aipatutako prezio horretan. Zurutuzak nabarmendu du herriko saltokiekin kolaboratzen saiatuko direla egunotan, eta herrian lortzen duten laguntzaren arabera, afariak eta bestelako produktuak zozkatuko dituztela partida ikustera joandako ikusleen artean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide