Aitor Leon musikariak (Azkoitia, 1997) Solsticio de verano izeneko bigarren diskoa aurkeztu du udako solstizioarekin batera, ekainaren 21ean. Guztira, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez abestutako bederatzi kanta batu ditu azkoitiarrak. Lehen lanarekin, Solsticio de invierno diskoarekin, momentu ilunak eta horietatik leku argiagoetarako bidea nola egin jorratu zituen; oraingoan, berriz, baikortasunari, argiari eta bere barruan aurkitutako "uda garaitezinari" kantatu die. Disko berri honen atzean dagoen istorioaz, sormenaz eta etorkizuneko erronkez hitz egin du musikariak.
Solsticio de verano izeneko diskoa aurkeztu berri duzu, hain zuzen, udako solstizioan. Zergatik da garrantzitsua zuretzat data hori?
Abestiak sortzerakoan, bururatu zitzaidan solstizioak gaitzat hartzea polita izan zitekeela. Nire aurreneko diskoa neguko solstizioan, 2021eko abenduan, kaleratu nuen, eta orain bigarren diskoa ere udako solstizioarekin batera atera dut. Aurreko diskoak lotura handiagoa zuen neguarekin, sentipen negatiboagoak kontatu bainituen orduan; orain, kontu eta sentipen positiboagoak bildu ditut disko berrian. Niretzat uda beti izan da gauza positiboei lotutako urtaroa.
Bederatzi abestirekin osatu duzu diskoa. Nolako doinuak bildu dituzu horietan?
Denetarik aurki daiteke. Gitarrarekin giro ona transmititzen duten abestiak daude, doinu elektronikoagoak ere bai, eta baita oso kutunak ditudan balada batzuk ere. Baina, orokorrean, abesti guztiek sentsazio ona transmititzen dute.
Hiru hizkuntzatan sortu dituzu abestiak. Zer moduz moldatu zara?
Ongi moldatu naiz. Itzultzailea naiz lanbidez, eta euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez komunikatzen naiz nire egunerokoan; naturala egin zait hizkuntza batetik bestera aldatzea. Gaztelaniaz hitz egiten dut gurasoekin, euskaraz lagunekin, eta lanean askotan aritu behar izaten dut ingelesez ere. Hiru hizkuntzak nire parte dira; beraz, diskoa sortzerakoan, nahitaez hiru hizkuntzak erabili behar nituela sentitu nuen.
Sare sozialetan esan duzu “neguaren erdian uda garaitezin bat” ere badagoela konturatu zarela. Zeri buruz ari zara, zehazki?
Aurreko diskoak, Solsticio de invierno lanak, kontu ilunagoak biltzen ditu, nire minak nahiz momentu txarrak pasarazi izan dizkidaten kontuak. Kantu horiek egindakoan konturatu nintzen poliki-poliki nire bizitzako atalak ixten joan nintzela abestien bitartez, eta min horiekin batera nire barruan bazegoela gauza alaiagoak sortzeko gogo bat ere. Hortik atera zen bigarren disko hau, konturatu nintzelako nire barruan bazegoela beste atal bat ere, alaiagoa.
Esango zenuke Solsticio de verano aurreko diskoaren jarraipena dela? Edo etapa berri baten hasiera da?
Jarraipena dela esango nuke, nik bizitakoak kronologikoki kontatu ditudalako, eta artista gisa nire garapenaren parte ere izan delako. Baina, desberdintasunak ere badituzte bi lanek: aurreko diskoan ni arduratu nintzen sormenaz eta ekoizpenaz; bigarren atal honetan, estudio batera joan naiz.
Zer moduzko esperientzia izan da diskoa ontzeko kanpoko laguntza izatea?
Oso esperientzia polita izan da; dudarik gabe, oso aberasgarria. Konturatu naiz nire kabuz ongi moldatzen naizela, laguntzarik gabe ere egiteko gai naizela, baina talentu handia duten beste batzuen laguntzarekin, nire proiektua beste maila batera igo dela ikusi dut. Emaitzarekin oso pozik nago.
Bost urte eman dituzu diskoa ontzen. Lan handia eman al dizu jaso duzun positibismo horretan murgiltzeak?
Ez da lan handia izan. Musika behar dudalako sortzen dut, niretzat barruan dudana era natural batean adierazteko modu bat delako. Beraz, barrua hustea behar izan dudanetan, doinuak eta abestiak sortu ditut, poliki-poliki. Egia da bost urte eman ditudala horretan, baina prozesu guztiz naturala izan da eta behar zuen denbora eskaini diot, presarik gabe.
Abestiak sortzeko, lehenik musika eta gero hitzak egiten dituzula esan izan duzu. Oraingoan ere hala izan al da?
Sortzen dudan melodia bakoitzak nire barnean dagoen zerbait edo bizi izan dudan esperientzia bat gogorarazten dit automatikoki. Hori horrela, gustuko musika sortzen dut aurrena, eta gero etortzen dira hitzak.
Abesti guztiak zure bizipen pertsonalekin loturikoak al dira?
Bai, guztiak. Gertatu zaidan edo pentsatu izan dudan zerbait kontatzen dute denek; kontu gaziagoak dira batzuk, eta gozoagoak beste batzuk.
Askatzeko modu bat al da zuretzat musika?
Guztiz. Ez dut ezer behartzen, naturalki ateratzen zait. Triste, estututa edo gogaituta nagoenean, betidanik, edo aspalditik behintzat, musika eta abestea dira niretzat lasaitzeko bideak.
Zein da disko honetako abestirik pertsonalena zuretzat, eta zergatik?
Uste dut Atzera begira dela. Abestia idatzi nuenean iruditu zitzaidan, eta gaur egun ere bai, nire lanik garatuena eta intimoena dela. Oso gustura geratu nintzen abestiaren hitzekin, barrua askatzeko balio izan zidaten. Esaten dudan guztiak asko irudikatzen nau; nirekin lotura handiena duen abestia da.
Bigarren diskoa aurkeztuta, zer dator orain?
Espero dut kontzertuak eskaini ahal izatea. Musika neuretzat egitea atsegin dut, baina gero nire sormenetako batzuk jendearekin partekatzea gustatzen zait. Jendea nire musikarekin edo abestiren batekin identifikatzeak asko betetzen nau. Horregatik, hainbeste maitasunekin egiten dudan musika nire ingurukoengandik haratago zabaltzea gustatuko litzaidake. Ikusiko dugu kontzertuez gain zein bide dauden horretarako.
Diskoa entzun aurretik entzuleei mezu bat bidali beharko bazenie, zein izango litzateke?
Entzuteko esango nieke, aukera bat emateko. Ziur abestietako batekin loturaren bat sentituko dutela. Izan ere, diskoan esperientzia ezberdinak bildu ditut, eta uste dut zerbaitekin identifikatuta sentituko direla. Beraz, entzun, ikusi ea gustuko duten, eta goza dezatela, horretarako da eta.