Andremariak 2026

Janus Lester, La Otra Oreja, Sukena, Bengo eta Txapela Brava musika taldeak izango dira andremarietan

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 23a

Janus Lester musikaria, kontzertu batean. (Janus Lester)

Udalak antolatu dituen emanaldiei lotuta arituko dira musikari eta musika talde horiek herriko plazan. Andremarietako Baserritarren Egunean, berriz, Enaitz eta Erkizi trikitilariek eskainiko dute erromeria. Aurrena, uztailaren 18an, Latzen eta Eraldatzen taldeak igoko dira plazako oholtzara.

Azkoitiko Udalak gaur, asteartea, jakinarazi du aurtengo andremarietan zein musikari eta musika talde izango diren Azkoitian: Janus Lester, La Otra Oreja, Sukena, Bengo, Enaitz eta Erkizi eta Txapela Brava. Gainera, talde eta musikari bakoitza festetako zein egunetan ariko den ere jakinarazi du erakundeak. 

Abuztuaren 14an, ostiralez, Janus Lester igoko da herriko plazako oholtza gainera. Jokin Pinatxoren proiektua da Janus Lester, eta haren zaleek nafarraren ezohiko ahots berezia entzun ahal izango dute oholtzan. Andre Maria egunez, berriz, La Otra Orejaren txanda izango da, La Oreja de Van Gogh taldearen tributuarena. Jatorrizko taldearen abesti arrakastatsuenak berreskuratuko ditu talde horrek Laura Batiste abeslariaren eskutik.

Festetako hirugarren egunean, berriz, Sukena eta Bengo izango dira herriko plazan. Naia eta Eider Herraez ahizpek sare sozialetara bertsioak igotzen hasi ondoren Oñatin (Gipuzkoa) sortutako pop-rock musika banda da Sukena. Bengo, berriz, Aitor Bengoetxea musikari oiartzuarraren (Gipuzkoa) proiektua da; musika urbanoaren baitan kokatzen da eta abesteaz gain, Break dantzaria ere bada.

Abuztuaren 17an, berriz, trikitiaren zaleei luzatuko diete gonbidapena; izan ere, Enaitz eta Erkizi trikitilariak ariko dira lehengo eta egungo trikiti doinuak zabaltzen. Festetako azken egunean, Kuadrillen egunean, Txapela Bravak eskainiko du kontzertua plazan. Oro har, rantxerak eta korridoak abestuko dituzte haiek. 

Hona hemen egitaraua: 

  • Abuztuak 14, ostirala: Janus Lester.
  • Abuztuak 15, zapatua: La Otra Oreja.
  • Abuztuak 16, igandea: Sukena eta Bengo.
  • Abuztuak 17, astelehena: Enaitz eta Erkizi trikitilariak
  • Abuztuak 18, asteartea: Txapela Brava.

Aurrena, uztailean

Andremarien aurretik, ordea, Oñatiko Latzen eta Azkoiti-ko Eraldatzen musika taldeen emanaldiak izango dira uztailaren 18an, larunbatez, 22:00etan hasita. Bi musika talde horiek herriko plazan eskainiko dituzte udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak elkarrekin antolatutako kontzertuak. 

Aitor Uriartek (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitartek (baxua), Gorka Lazkanok (bateria) eta Yerko Ortizek (gitarra) osatzen dute Latzen taldea, eta kontzertu bira abiatu dute bere lan berria, Denboraren orbainak azken lana aurkezteko abian duten biraren barruan egingo dute geldialdia Azkoitiko plaza nagusian.

Latzen taldekoekin batera, Eraldatzen musika taldekoek ere eskainiko dute kontzertua egun horretan. Iñaki Odriozola (ahotsa) azkoitiarra, Oihan Otaegi (baxua) nahiz Nestor Aguado (gitarra) azpeitiarrak eta Mikel Indo (bateria) daude Eraldatzen musika taldearen atzean. Euskarazko musika zuzena da laukotearena, eta metal musika oinarri, punk zein rock doinuak eskainiko dituzte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide