Pilotari Eguna 2026

Txapelak banatuta eta jai giroan agurtu dute X. Pilotari Eguna

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 14a

Giro paregabean amaitu zuten atzo X. Pilotari Eguna. Festa giroa izan zen nagusi herriko txokoetan, eta Kontzejupean, binakako finalak jokatu zituzten eguna borobiltzeko: emakumeetan, Petra eta Jone nagusitu ziren, eta gizonetan, Markel eta Lander.

Jai giro betean ospatu zuten atzo X. Pilotari Eguna Azkoitian, eta egun osoan esku pilota protagonista izanda, txapelak banatuta agurtu zuen Txulue elkarteak urteurren borobileko edizioa. Hain zuzen, emakumeen zein gizonen binakako txapelketetako finalek eman zioten amaiera Pilotari Egunari Kontzejupean: emakumeetan, Petra eta Jone bikotea gailendu zitzaien Eneritzi eta Oihanari, markagailua 6-22 utzita; gizonetan, Markelek eta Landerrek osatutako bikoteak 22-12 irabazi zuten Ugaitz eta Xabaten aurka.

Haien finalak baino lehen, ordea, festa giroa izan zen nagusi herriko kaleetan. Izan ere, Skapaie elektrotxarangarekin gozatu ahal izan zuten herritarrek, eta hala egin zuten haien doinuetara batu ziren dozenaka lagunek. Ondoren, Azkoitiaren garaipen oihua izan den Aliron juntadizoa eginda joan ziren horiek guztiak Baldatik plaza nagusira. Kantu eta salto artean, giro paregabea izan zen protagonista herriko txokoetan. 

Horren aurretik, ordea, goizean hasi zen pilotaren festa Azkoitian, frontoien inguruko bisita gidatuarekin, gizonen zein emakumeen goi mailako pilota partidekin, banakako finalarekin zein Xapatero zenari eta Urzelau familiari egindako omenaldiarekin. Hemen ikus daiteke atzo goizeko argazki galeria. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide