Udal eta foru hauteskundeak 2027

Ana Azkoitia izango da EAJren alkategaia datorren urteko udal hauteskundeetan

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 2a

Ana Azkoitia.

Azkoitiko Uri Buru Batzarrak (UBB) Azkoitiaren aldeko apustua egin du beste behin. Gaur egun Azkoitiko alkate dena izango da EAJren alkategaia datorren maiatzaren 23an izango diren udal bozetan. Azkoitiak esan duenez, "ohore handia" ez ezik, "ardura ikaragarria" ere bada berriz alkategai aurkeztea.

Ana Azkoitia izango da EAJren alkategaia datorren urteko udal hauteskundeetan. Gaur eman du horren berri Azkoitiko EAJk, eta esan du Uri Buru Batzarrak (UBB) Azkoitiaren aldeko apustua egin duela beste behin. Horrenbestez, gaur egun Azkoitiko alkate dena izango da 2027ko maiatzaren 23an izango diren udal bozetan jeltzaleen hautagaia. UBBk azaldu duenez, Azkoitiak "gertutasuna, elkarrizketa, seriotasuna, lana, konpromisoa eta balio jeltzaleak" uztartzen ditu. 

Azkoitiak "oso eskertuta eta ilusioz" hartu du erronka, haren hitzetan, "ohore handia" delako bere herriko alkate izatea. "Ohore handia baldin bada, ardura ikaragarria da. Herritarroi ez hutsik egiteko ardura, denei tokia egiten saiatzeko ardura, zaintzeko ardura, denontzat ahalik eta erabaki onenak hartzeko ardura. Ardura bakoitza konpromisotzat hartzen dut, eta horri eskainiko dizkiot denbora eta indarrak". Azkoitiak esan duenez, gainera, herritarrek "elkarrekin" herri hobea eraikitzen jarrai dezaketelakoan dago.

Aurreko udal bozak irabazita, 2023ko ekainean hartu zuen Ana Azkoitiak Azkoitiko alkate kargua. Aurreko bi agintaldietan, Javier Zubizarreta alkate zela, alkateordea eta Ogasun zinegotzia izan zen Azkoitia, eta beraz, hiru agintaldi daramatza Azkoitiko Udalean. Ekonomista lanbidez, banketxe bateko zuzendaritza kargua laga zuen Azkoitiko EAJren udal ordezkari izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide