Albistegia

Lajaren ondarearen parte bat, ondorengoentzat

Usua Garin eta Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 30a

Gaur ospatuko duten Trikiti Egunaren atariko gisa, atzo arratsaldean Iñaki Garmendia Laja trikitilariaren 40 pieza jasotzen dituen Ordu txikitako saioak disko bikoitza aurkeztu zuten Portaleburu aretoan, haren senideen eta dozenaka trikitizaleren aurrean. Portaleburun bertan, Urola Erdiko erromeria tokiei buruzko erakusketa jarri du Trikigirok; gaur eta bihar bakarrik egongo da ikusgai.

Herenegun Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan aurkeztu zuten Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944-2019) trikitilariaren 40 pieza jasotzen dituen Ordu txikitako saioak disko bikoitza, eta atzo arratsaldean Azkoitian aurkeztu zuten lana, jendez leporaino betetako Portaleburu erakusketa aretoan. Gaur herrian ospatuko duten V. Trikiti Egunaren atariko gisa, bailarako trikitilari eta trikitizale ugari batu zituen atzoko hitzorduak, eta nola ez, han izan ziren Lajaren senitartekoak ere.

Hain zuzen, Jose Luis Garmendia semea izan zen aurkezpenean hitza hartu zutenetako bat, aitak kaseteetan grabatuta utzi zituen doinu haiek zer bide egin duten azaltzeko. Proiektuan "ezinbesteko bidelagun" izan duen Anjel Valdes musikari eta ekoizleak, Haritz Garmendia eta Laxaro Azkune Trikigiro elkarteko kideek eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak ere izan zuten euren tartea.

Elkarrentzako laudorio eta esker oneko hitzak izan zituzten guztiek ere, urteetan ezkutuan eta gordeta egon diren piezak denen eskura jartzeak daukan balioaren jakitun. Haritz Garmendiak nabarmendu zuen "harribitxi bat" dela Valdesen eta Jose Luis Garmendiaren bi urteko elkarlan nekaezinari esker sotoko ilunpetik plazako argitara atera berri dutena. Laja sendiaren eskuzabaltasuna goraipatu zuen Trikigiroko kideak, eta batik bat Lajaren emazte Axun Dorronsororena, "beti eta edozertan" laguntzeko prest egoten dela nabarmenduta.

Valdesek ere Lajaren familiari eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea, berarengan jarritako konfiantzagatik, "izugarria" izan delako. Aitortu zuen proiektuari ekitea zaila izan zela, "abiapuntua nekeza" zela, "baserri bateko soto batean Lajak berak grabatutako kasete batzuk", hain zuzen. "Baina, halako batean, argia ikusten hasi ginen, bazela zerbait argitaragarria. Lajarentzat oso garrantzitsua zen errepertorioa, errepertorio berria eta berrizalea izatea, garai bakoitzera egokitzen joatea, eta halaxe, era askotako piezak topatu ditugu: politak, alaiak, dantzagarriak, sentimentalak ere bai... Eta diskoan saiatu garena da erromeria bat antolatzen, Lajari gustatzen zitzaion bezala".

Parte txiki bat

Jose Luis Garmendiak bihotzez eskertu zituen aitaren ondarea jasota lagatzeko nahia gauzatzera bultzatu dutenak. "Orain arima aske sentitzen dut, eta kapaz ikusten naiz zazpi urtean isilik egon den aitaren soinu txikia ibiltzeko eta baita oraindik ezkutuan dauden bere piezak jotzeko ere, nahiz eta sekula ez ditudan berak bezala joko". Diskoan argitara atera dituztenak altxorraren parte txiki bat besterik ez direla nabarmendu zuen, oraindik beste ehunka pieza gelditzen direla. Izan ere, 600dik gora kanta zenbatu dituzte Lajak bere kasa grabatu zituen kaseteetan.

Atzoko ekitaldira bertaratu zirenek, gainera, bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten kasete haietako zenbait egurrezko kaxa urdin batean, Lajak berak gordetzen zituen eran. Aurkezpena bukatu orduko, baina, kasetez betetako kaxa urdina eta Lajaren soinu txikia atzera etxera eraman zituen semeak, urrezkoak bailiran.

Lehen urratsa eginda, pixkanaka-pixkanaka aitak sotoan gordeta utzi zuen material guztia digitalizatzen joatea nahi luke semeak, ondorengoentzat gera dadin. Elkarrek disko bikoitzean bildutako 40 piezez gain, beste 30 ere digitalizatu ditu dagoeneko, eta Trikigiro elkartearen asmoa da datorren urtean beste 100 bat digitalizatzea, galduko ez direla ziurtatzeko.

Ana Azkoitiak trikitiaren indarra nabarmenduz hasi zuen hitzartzea. "Laja zenak plazaz plaza zoriontasuna eramaten zuen, joaten zen lekura joaten zela, trikitia alaitasuna delako; eta hori ez dago diruarekin pagatzerik, zoriontasuna ez baita diruarekin pagatzen. Horregatik, eskerrak Trikigirori, Elkarri eta batez ere, zuri, Jose Luis, eta familia guztiari, altxor hau partekatzeagatik".

Erromeria tokiei buruzko erakusketa, ikusgai

Laxaro Azkunek, azkenik, Portaleburuko hormek egunotan kontatzen dutenaz hitz egiteko baliatu zuen bere tartea. Izan ere, atzoko aurkezpenerako ez zuten edonolako atrezzoa prestatu. Dozenaka argazki zahar, trikitiari eta erromeriei buruzko informazio panelak, Urola Erdiko erromeria tokien mapa eta dagoeneko identifikatuta eta dokumentatuta dituzten 93 erromeria lekuren argazki bana eta haiei buruzko informazioa jarri dituzte ikusgai.

Gaur, larunbata, goizez eta arratsaldez egongo da erakusketa zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta gaur joan ezin duenak, bihar izango du azken aukera, baina eguerdi artean bakarrik, 12:00etatik 14:00etara. Egunotan Portaleburun ikusgai dagoen material hori guztia liburu batean biltzeko asmoa adierazi dute Trikigiroko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide