ELA eta LAB sindikatuek deituta manifestazioa egin dute Sidenor enpresako Azkoitiko lantegiko langileek azken hilabeteetan "sufritu duten egoera" salatzeko. 11:00etan lantegiaren aurretik hasi eta Azkoitiko kaleak zeharkatu dituzte ehun bat lagun baino gehiagok, Azkoitiko Sidenor bizirik edota Hemen gaude familien alde lelo hartuta. Herriko plazan amaitu dute ordu bete inguru iraun duen mobilizazioa.
Sidenorrek Azkoitian duen lantegiko 250 beharginetatik 32 Reinosako lantegira (Espainia) lekualdatzeak sortu duen gatazkaren ondorioz egin dute manifestazioa. Mobilizatu direnek gogoratu dute Sidenorrek 28 langile "kaleratu" dituela Reinosara ez joatea erabakitzeagatik, eta prest agertu diren gainontzeko lau langileek hara joan beharko dutela. Sidenorrek, bere aldetik, ukatu egin du inor kaleratu duenik.
Manifestazioaren amaieran plazan irakurri duten oharraren arabera, mobilizatzea erabaki dute "Sidenorrek bere kontratuen amaierarekin traumatizatu dituen 32 familiei babesa adierazteko". Azaldu dutenez, prozesua "oso krudela" izan da, eta, gainera, 32 langile horiek "bost egun izan dituzte Reinosara ala kalera joan erabakitzeko".
Gaineratu dutenez, negoziazio aldian, enpresa batzordeak hainbat aukera proposatu zizkion enpresari lekualdaketak saihesteko, bai aurre erretiroekin, eta baita sustatutako bajekin ere, beti ere borondatezko irteerekin. Salatu dutenez, baina, Sidenorrek "ez du inoiz negoziatu nahi izan", eta "ezkutuko kaleratze prozesu bat inposatu nahi izan" du. Komitearen arabera, enpresak negoziazioan zehar erakutsi duen "immobilismoak" argi utzi du bere helburu bakarra 32 langile "ahalik eta kostu txikienarekin kaleratzea" zela. Horiek, gainera, lantegiko 32 behargin gazteenak ziren. Hori horrela, Sidenorreko zuzendaritzari zuzendu zaizkie, esanez, enpresak hartu duen neurria "erabat gaitzesten" dutela, eta "ez dela bidezkoa" langilea modu horretan tratatzea.
Halaber, erakundeen aldetik jaso duten "babes eskasa" ere nabamendu dute. Azkoitiko alkatearen ustezko adierazpenekin "bereziki minduta" agertu dira; izan ere, enpresa batzordearen arabera, hark "nire enpresa balitz gauza bera egingo nuke" adierazi zuen, eta, komitearen ustez, adierazpen horiek "argi erakusten dute Sidenorren eta erakundeen arteko konplizitatea".
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentearen jarduna ere salatu dute; diotenez, haren "errotze bakarra dirua da, eta ez du inolako kezkarik adierazi 32 familiengatik eta horiek bizi duten babesgabetasun egoeragatik".
Horrez gain, Azkoitiko lantegiaren etorkizuna "kinka larrian" ikusten dutela adierazi dute sindikatuek. Horren aurrean, Sidenorreko zuzendaritzari eta erakundeei Azkoitiko lantegiaren etorkizuna bermatuko duen industria plan bat aurkezteko eskatu diete, "gertatu berri dena errepika ez dadin". Bestalde, komiteak dio "Azkoitiko lantegiko langileen eskubideak, egonkortasuna eta etorkizuna bermatuko dituen akordioak lortzeko prest" dagoela.
Asanblada, asteazkenean
Sidenorreko Azkoitiko lantegiko beharginek sinadura bilketa prozesua abiatu zuten duela hamar egun, egungo enpresa batzordeak jarraituko duen ala ez erabakitzeko asanblada egiteko. Langileen %33k baino gehiagok sinatu dute proposamena; hori horrela, asteazkenean, hilaren 27an, egingo dute asanblada.
Egun horretan, langileek bozketa bidez erabakiko dute egungo enpresa batzordeak jarraitzea nahi duten ala ez; ezezkoa ateratzen bada, hauteskunde sindikalak aurreratuko lirateke.