Gaur hasiko dute Pilotari Eguneko gizonen binakako txapelketa

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 29a

Bi bikote, Kontzejupean, lehian. (Ane Olaizola)

43 bikotek eman dute izena gizonen binakako txapelketarako, eta final hamaseirenetako kanporaketak zehazteko, aurre kanporaketako 11 lehia jokatuko dituzte gaurtik ostiralera, Kontzejupean. 

Pilotari Eguneko pilota txapelketak abian dira. Hilaren 15ean hasi zituzten gizonezkoen bi eta erdiko txapelketaren barruko aurre kanporaketak, eta gaur, asteazkena, gizonezkoen binakako txapelketako aurre kanporaketak hasiko dituzte, Kontzejupean. Gaur, bihar eta etzi izango dira lehiak han.

Guztira, 43 bikotek eman dute izena gizonen aurtengo txapelketarako. Aurre kanporaketak gainditzen dituzten bikoteak final hamaseirenetara sailkatuko dira. Hain justu, maiatzaren 4ko eta 11ko asteetan jokatuko dituzte fase horretako partida guztiak. Final zortzirenak, berriz, maiatzaren 18ko astean jokatuko dituzte; ekaineko lehen astean jokatuko dituzte, bestalde, final laurdenetako kanporaketak; finalerako sailkapena zehaztuko duten finalerdietako partidak ekainaren 8ko astean zehar jokatuko dituzte; eta finalak, ekainaren 13an, Pilotari Egunean.

Hona hemen aste honetan jokatuko dituzten aurre kanporaketetako partidak, egunez egun: 

Gaur, asteazkena (18:00)

  • Laja-Rocha vs Uritz-Iker
  • Xitu-Enaitz vs Juin-Epelde
  • Katre-Berastei vs Zabala-Motza

Bihar, osteguna (18:00)

  • Axi-Denis vs Irazusta-Lizertza III.a
  • Aramendi-Badiola vs Segurola anaiak
  • Usa-Arkaitz vs Danel-Aitor
  • J. Pozo-I. Pablos vs Toota-Markel

Etzi, ostirala (18:00)

  • Arra-Luix vs Xomorro-Txitxo
  • G. Errasti-J. Izagirre vs Joritz-Unai
  • Zabale-Julen vs Maixa-Zabale
  • Olaizola-Goenaga vs Pottola-Oseo

Kamisetak eska daitezke

Pilotari Eguneko kamisetak salgai daude dagoeneko, baina aurten, Txulue elkarteak horien eskaerak Internet bidez jasoko ditu. Horretarako, herritarrek honako galdetegi hau bete beharko dute maiatzaren 11a baino lehen, eta hor aukeratu beharko dituzte kamisetaren kolorea eta neurria.

Partiden egunetan, Txulue elkarteko ordezkariak Kontzejupean izango dira, eskaera egin aurretik inork kamisetak probatu nahi baditu ere. Kamiseta eskatzen dutenek ekainaren 3an, 4an eta 5ean jasoko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide