Andremarietako film laburren lehiaketaz hitz egiteko bilera irekia deitu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 28a

Ehunka herritar, iazko andremarietan, film laburrak ikusten. (Udala)

Udaletxeko laugarren solairuko bilera gelan egingo dute bilera datorren asteartean, maiatzak 4, 19:00etan hasita. Lehiaketako ohiko parte hartzaileei nahiz aurrenekoz parte hartzeko interesa izan dezaketen herritarrei zuzendutako bilera izango da datorren asteartekoa.

Andremarietan egin ohi da udalak antolatutako film laburren lehiaketa. Herritarrei ikuspuntu askotako lanak aurkeztu ohi dituzte plazan herritarren aurrean, eta aurten ere horrela izan dadin, lanean hasiak dira. Lehiaketaren 14. aldia izango da aurtengoa, eta hura antolatzen hasteko, udalak bilera irekia deitu du datorren astearterako, maiatzak 4, 19:00etan. Udaletxeko laugarren solairuko bilera gelan elkartuko dira.

Erakundeak azaldu duenez, bilera aurreko urteetan parte hartu duten ordezkariei eta aurrerantzean parte hartzea nahi duten herritarrei zuzendutakoa izango da. Bilera horretan adostu nahi ditu udalak, batetik, lehiaketaren oinarriak, eta bestetik, aurtengo lehiaketarako gaia. Era berean, erakundeak gutxi gorabeherako partaide kopurua zenbatekoa izan daitekeen aurreikusi nahi du, bilera ondoren izen emate epea zabaltzeko. 

Gainera, aurten ere laguntza eskainiko die udalak film laburra ontzeko laguntza behar duten parte hartzaileei. Horretarako, gutxieneko ezagutza teknikoa eta baliabide batzuk behar dira, eta edizio softwareei nahiz beharrezko baliabideei buruzko zalantzak argitzen eta baliabide teknikoak lortzen lagunduko du udalak. "Pare bat eguneko ikastaro txiki bat antolatzeko aukera legoke gutxieneko interesdun kopuru bat osatzen bada. Ikastaro horretan, egun baten grabazioa egin, eta beste batean edizio prozesua landuko litzateke", adierazi du erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide