Gizonen bi eta erdiko txapelketarekin hasi dituzte ekainaren 13an ospatuko den Pilotari Eguneko ekintzak. Txulue elkartearen eskutik, atzo arratsaldean jokatu zituzten txapelketa horretako kanporaketa aurreko lehenengo norgehiagokak, eta urtero moduan, ikusmina sortu zuten neurketek, herritar ugari bildu baitzen Kontzejupearen inguruan.
Guztira, 25 lagunek eman dute izena bi eta erdiko txapelketarako, eta koadroa osatzeko, egunotan bederatzi kanporaketa aurreko jokatuko dituzte. Atzo bost partida jokatu zituzten, eta gaur beste lau ikusteko aukera izango da, 18:00etatik aurrera: Julen Aranburu-Txorrotxa, Zapirain-Iraitz Korta, Gaztelu-Xomorro eta Lizertza III.a-Kuku arituko dira nor baino nor txapelketan aurrera egiteko. Aste honetako irabazleek eta kanporaketa aurreko partidak jokatu gabe gelditu diren pilotariek datorren astean jokatu beharko dituzte final zortzirenetako kanporaketak.
Gizonen bi eta erdiko txapelketaz gain, binakako txapelketa bana ere jokatuko dute gizonek zein emakumeek. Gizonetan, 42 bikotek eman dute izena, eta emakumeetan, bi bikotek. Finalak Pilotari Egunean bertan izango dira.
Kamisetak, Internetez
Bestalde, Pilotari Eguneko kamisetak eskuratzeko bidea aldatu egin du aurten Txulue elkarteak. Izan ere, ez dituzte Kontzejupean salduko, Internetez egin beharko da eskaera. Horretarako, herritarrek formulario bat bete behar dute maiatzaren 11a baino lehen, eta hor aukeratu beharko dituzte kamisetaren kolorea eta neurria. Partiden egunetan, gainera, Kontzejupean bertan kamisetak probatzeko aukera egongo da, eta eskaerak egiten dituztenek ekainaren 3an, 4an eta 5ean jasoko dituzte.