Albistegia

Azkoitia BHIko ikasleen lan bat saritu dute 'Eman minutu 1…' ikus-entzunezko lanen lehiaketan

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 25a

Euskarazko ikus-entzunezko lan onenaren saria jaso dute Azkoitia BHIko ikasleek. Erakusketa areto batean dagoen koadro bati begira jarrita, pertsona bakoitzak bere iritzia izan ohi duela aldarrikatu bideoarekin. 

Azkoitia BHI ikastetxeko ikasle talde baten lana saritu dute Ikus-Entzunezko Lanen Nazioarteko Lehiaketan. Denok dugu zerbait esateko lanak euskarazko lan onenaren saria irabazi du Eman minutu 1… ikus-entzunezko lanen lehiaketan.

UN Etxea-UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak jarri zuen martxan lehiaketa, eta horren helburua da mundu mailan giza eskubideekin zerikusia duten arazoen inguruan gizartea sentikorra bihurtzea eta kontzientzia zabaltzea. Hain justu, ikus-entzunezko lan onenak eta giza eskubideak hoberen defendatu, bultzatu, aldarrikatu, zabaldu eta kontzientziatzen duten lanak saritu ohi dituzte.

Urte bakoitzean lehiaketak gai desberdin batean jartzen du arreta, eta aurten, kulturari buruzko lanak ondu behar izan dituzte ikasleek. Guztira, 75 bideo aurkeztu dira lehiaketara, tartean, Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak, Espainiakoak, Italiakoak, Argentinakoak, Costa Ricakoak eta Mexikokoak, eta Azkoitia BHIkoena saritu dute euskarazko lanen alorrean.

Erakusketa areto batean dagoen koadro bati begira jarrita, pertsona bakoitzak bere iritzia izan ohi duela aldarrikatu bideoarekin. Saritu duten lanaren egileak honako hauek izan dira: Elaia Aizarna, Laia Aramendi, Izeia Arregi, Saara Azam, Nora Azkoitia, Aiza Bastarrika, Kira Bastarrika, Iraia Blanco, Nahia Carbayeda, Ane Duro, Ramatoulaya Diallo, Ane Goitisolo, Arette Hernandez, Maren Tobar, Ane Zabaleta eta Gorka Alberdi. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide