Bazkari bat antolatzeko ideia xume batek ehun urteko auzo baten memoria berpiztu du. Azkoitiko San Martin auzoaren historia eta bizipenak jasotzen dituen dokumentala ondu dute Javier Beristainek (Azkoitia, 1953) eta Mari Karmen Elorzak (Azkoitia, 1955), eta lan hori aurkeztuko dute gaur, 19:30ean, Baztartxo antzokian. Herritar oro gonbidatu dute emanaldira, baina batez ere sanmartindarrak, haientzat egindako lana delako.
"San Martingoak gara, eta hori ez da aldatuko, orain auzotik kanpo bizi bagara ere", diote Beristainek eta Elorzak. Lotura berezi bat dute auzoarekin, denborak eta distantziak ere ezabatzen ez duena. Biak San Martinen jaio eta hazitakoak dira, eta orain dokumental baten bidez itzuli dira haurtzaroko kaleetara.
2024ko Andre Maria jaietan kalean topo egin zuten hainbat sanmartindarrek, eta garai bateko auzoko istorioez aritu ziren solasean. Orduan sortu zen ideia: zergatik ez berriro elkartu, bazkari baten bueltan? Ideia sinple hark, ordea, bide luzeagoa hartu zuen. Beristainek bazkariaren proposamena haratago eramatea proposatu zuen, auzoko argazki zaharrak bilduta eta lekukotasunak jasota, auzoaren historia kontatzen duen dokumentala ontzea hari otu baitzitzaion, ondoren mahaiaren bueltan bildutako auzotarrek dokumentala elkarrekin ikustea polita izan zitekeela pentsatuta.
Auzo "eredugarria"
Dokumentala ontzeko, auzoaren inguruko historia bildu eta 80 urtetik gorako hamaika lagun elkarrizketatu dituzte, guztiak ere ume garaian auzoan bizi izandakoak. "Kontu kontari aritu gara, gustura. Elkar ezagutzen dugunez, erraza izan da elkarrizketak egitea", gogoratu du Elorzak.
Hasieran proiektu apala zenak, baina, dimentsio handiagoa hartu zuen gero. Elkarrizketez gainera, 70 argazki zahar, oraingo beste 30 argazki, bideoz grabatutako irudiak, musika eta bertsoa txertatu dituzte dokumentalean. Orotara 23 pertsonak parte hartu dute ikus-entzunezkoa osatzen. Monica Torres bideogileak grabatu ditu irudiak, Joseba Beristain musikariak jarri dio musika lanari, Silvia Etxanizek hainbat bertso egin ditu eta Naia eta Nora Arrizabalaga bertsolariek abestu dituzte horiek, eta hainbat figurante ere ageri dira dokumentalean. Horiek guztiak uztartuta, bi hari nagusi josi dituzte proiektuan: bata historikoa, auzoaren sorrera eta garapena azaltzen duena; bestea, berriz, pertsonala, bertan bizi izan zirenen eguneroko bizitza eta harremanak kontatzen dituena.
Izan ere, San Martin ez da edozein auzo. XX. mendearen hasieran sortu zen, langileentzako etxebizitza premia bati erantzuteko. Rikardo Otaño Azkoitiko alkateak bultzatuta, auzolana izan zen eraikuntzaren oinarri. Dirurik ez zutenek lanarekin ordaindu zuten etxea, eta materialak garraiatzeko funikular bat ere eraiki zuten, trenbidearekin lotuz. "Burua ondo erabili zuten", azpimarratu du Beristainek.
San Martingo etxe merkeak deituriko horiek bi aldiz inauguratu zituzten. Lehen inaugurazioa 1927an izan zen, eta Alfontso XIII.a Espainiako orduko erregea izan zen inaugurazioan. Baina etxe gehiago egin zituzten, eta 1929an bigarren inaugurazioa egin zuten, momentuko agintari ospetsuenak han zirela, tartean Gipuzkoako gobernadore zibila, Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Azkoitiko alkatea. 99 etxe egin zituzten guztira, nahiz eta gaur egun 100 dauden, 1960ko hamarkadan etxebizitza berri bat gehitu baitzioten aurrekoei.
Ondorioz, datorren urtean 100 urte beteko dira aurreneko etxeak inauguratu zituztela. Dokumentalaren egileek, baina, beste urteurren bati garrantzi handiagoa eman diote: "1926an erabaki zuten San Martingo etxeak egitea, eta urte hartan hasi ziren auzolanarekin. Eredugarria izan zen egin zutena, irabaziekin pentsatu beharrean herritarrekin pentsatuz egin baitzituzten etxebizitzak. Hori horrela, guretzat 100 urte aurten betetzen dituzte San Martingo etxeek. Erregea etorri izana pasadizo bat izan daiteke, baina guretzat ez du etxebizitzen urteurrena zehazten".
Proiektuaren emanaldiak berak ere badu bere istorioa. Hasieran, sanmartindarren arteko bazkari batean erakusteko sortu bazen ere, Gabon aurretik auzotarrentzat proiektatu zuten dokumentala Elkargunean. Baina arrakasta eta parte hartzaileen ilusioa ikusita, herrira zabaltzea erabaki dute. Gaur, Baztartxon aurkeztuko dute, Korrika Kulturalaren barruan.
“Bazkari baten bueltan hasi eta begira non amaitu dugun”, dio barrez Beristainek. Eta badute beste egiteko bat: hasieran pentsatutako bazkaria oraindik ez baitute egin.
Azken finean, oroitzapenak partekatzeko, komunitatea berriz elkartzeko eta iraganetik etorkizunera begiratzeko aitzakia baino ez da dokumentala. "Ea orduan egin zena gaur egun kontuan hartzen den", dio Elorzak. Izan ere, San Martinen historia ez da soilik iragana; etorkizunerako irakasgaia ere bada.