Martxoaren 8a

Herritarren ekarpenekin osatutako erakusketarekin hasi ditu Itaiak Martxoaren 8ko ekintzak

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 7a

Emakumeen askatasuna lortzeko borrokan protagonista izan diren pertsonaia eta gertaera historikoak ekarri ditu Itaiak gogora, eta herritarrek emandako hainbat ekarpenekin osatu du erakusketa. Gaur ere zabalik izango da erakusketa Portaleburun, eta saio gidatua egingo dute 12:00etan. 

Itaiak Martxoaren 8ari lotutako erakusketa zabaldu zuen atzo arratsaldean Portaleburu aretoan. Emakumeen askatasun politikoa, ekonomikoa eta soziala lortzeko borrokan, pertsonaia eta gertaera historikoak ekarri ditu, besteak beste, antolakundeak gogora, eta herritarrek emandako hainbat ekarpenekin osatu du erakusketa. Gaur ere izango da ikusgai erakusketa, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; 12:00etan, gainera, saio gidatua eskainiko dute erakusketaren xehetasunak azaltzeko. 

Irudia eta hitzak uztartuta, Martxoaren 8aren historiak, azken urteetako bilakaerak eta Itaiari buruzko informazioak osatzen dute erakusketaren zati bat. Era berean, taldeak azken asteetan gaiari lotuta egindako hainbat panel ere ikus daitezke aretoan, eta azkenik, hainbat herritarrek erakusketarako sortutako marrazkiekin, irudiekin zein joskintza lanekin osatu dute hura. 

Itaiaren eskutik azken asteetan komiteak zein solasaldiak egin ondoren, hark zabaldutako erakusketarekin hasi dituzte herrian Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako ekintzak. Erakusketaz gain, Itaiak mobilizazioa ere antolatu du biharko, Martxoaren 8rako: matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde, herritarrek kaleak hartuko dituzte 13:00etan plazatik abiatuko den manifestazioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide