Azkoitiko laminazio trenaren ekoizpena eten eta 36 langile Reinosara (Espainia) lekualdatuko dituela jakinarazi zuen atzo Sidenorrek. Erabaki horri lotuta, ELAk oharra kaleratu du, salatuz erabaki horrek "36 langileren ezkutuko kaleratzea" ekarriko duela. "Ez dugu ulertzen lekualdaketa horren zergatia, erabakia bat ez datorrelako azken urteetan Sidenorreko zuzendariek izan dituzten milioi askoko irabaziekin eta dibidenduen banaketa handiarekin".
Sindikatuaren arabera, Sidenorrek "beste urrats bat" eman du Azkoitiko lantegian inbertsiorik ez egiteko eta hango langileen "baldintzak prekarizatzeko". Halaber, Sidenorren "utzikeria" salatzen urteak daramatzatela gaineratu du sindikatuak, eta Azkoitiko lantegian enpresaren aldetik "etengabeko erasoak" jasan dituztela ere esan du. "Kontua ez da lan falta, Azkoitiko lantegian inbertsio falta baizik, beste lantegietan ez baita halakorik gertatzen. ELAk eta LABek gehiengoa osatzen dute Azkoitiko lantegian eta enpresaren asmoa gehiengo sindikal horrekin amaitzea da. Beste sindikatu batzuk erabiltzen dituzte (USO, CCOO eta UGT) beraien erabakiak justifikatzeko. Sindikatu horiek lan baldintzen prekarizazioaren konplize izan dira".
Egoeraren "larritasuna" ikusita, Eusko Jaurlaritzako Industria sailari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari esku hartzeko eskatu die, enpresak lurraldean duen "errotzea bermatzeko" eta Azkoitiko lantegiari "hiltzen ez uzteko".
Bestalde, sindikatuak mobilizazioak indartuko dituela jakinarazi du, enpresaren azken erabakiari erantzun irmoa emateko eta Sidenorreko Azkoitiko langileen eskiubideak defendatzeko. Hori horrela, bihar, larunbatez, 11:00etan Azkoitian egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.