Sidenorreko lan gatazka

ELA eta LAB sindikatuek "gezurretan" aritzea egotzi diote Sidenorri

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 4a

Sidenor lantegiaren ataria. (Andoni Elduaien)

ELA eta LAB sindikatuek enpresak egindako adierazpenei erantzun die, eta lan hitzarmenaren negoziazioa berrekiteko, langile gehienen babesa izaten jarraitzen dutela adierazi dute. Bestalde, CCOO, UGT eta USO sindikatuek hitzarmen kolektiboaren negoziazioa zein testuingurutan garatu den argitu nahi izan dute. Zapaturako dute deituta manifestazioa ELA eta LABek. 

Iaz erreferendum bidez langileen %85ek onartu zuten lan hitzarmena sinatzeari uko egin izana argudiatu zuen Sidenor enpresak, eta ELA eta LAB sindikatuek lantegian sortu duten egoera "ulertezintzat" jo zuen. Horren aurrean, Azkoitiko lantegian gehiengoa duten bi sindikatu horiek "gezurretan" aritzea egotzi diote orain Sidenor enpresari.

Enpresak esandakoaren harira, ELAk eta LABek azaldu dute Sidenorrek "aurpegi latza" erakutsi duela. Izan ere, gogoratu dute 2025eko martxoan ultimatum bat emanda proposamena onartu ez zutenez, negoziazioa ixtea erabaki zuela enpresak.  Orduz geroztik ELAk eta LABek negoziazioa irekitzea eskatu izan diote enpresari, nahiz eta "beti ezekoa" jaso. Are, bi sindikatuek azaldu dute langileen gehiengoaren hauspoa izaten jarraitzen dutela: "Urrian asanblada bat egin genuen, eta langileen gehiengoak babesa eman zigun negoziazioa berriz martxan jartzeko. Hala ere, enpresak ezezkoan jarraitzen du. Bakoitzak atera ditzala kontuak, ea nork daukan jarrera immobilista", azaldu dute bi sindikatu abertzaleek.

Bestalde, bi sindikatuek adierazi dute "askotan" entzun izan diotela enpresari "une oro" egon dela hura negoziatzeko prest eta Sidenor enpresa "arduratsua eta konprometitua" dela langileekin. Ordea, sindikatuek salatu dute Sidenorrek "gauza bat esan eta beste bat egiten" duela, asanbladak eskatutakoari "uko" eginez. Hain justu, ELAk eta LABek enpresa bera jo dute egungo egoeraren arduradun nagusitzat: "Enegarren aldiz, komiteak astelehenean eskatu zion enpresari negoziazio mahaia irekitzea, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Sidenorreko zuzendaritza da Azkoitiko lantegiaren eta bere langileen gaur egungo egoeraren arduradun nagusia. Sidenorreko zuzendaritzak suntsitu ditu azken zazpi urteetan 200 lanpostu inguru Azkoitiko lantegian; Sidenorreko zuzendaritza da langileak zazpi, zortzi edo bederatzi urtez ebentual egotearen arduradun nagusia. Sidenorreko zuzendaritza da azken hamar urteetan aberastu dena, bertako langileak pobretzearen kontura", adierazi dute.

Era berean, sindikatu horiek diote Sidenor "gezurretan" ari dela ultimatuma erreferendum bidez langileen %85ak onartu zuela esaten duen aldiro. "Enpresan egindako erreferenduma hiru langilek eta CCOO, UGT nahiz USO sindikatuek antolatu zuten. Horiek guztiek sustatu zuten erreferenduma egiteko sinadura bilketa, eta aipatzekoa da horietako bi behargin hitzarmenaz kanpo daudela; alegia, hitzarmen pertsonala dute enpresarekin". Gainera, azpimarratu dute sinadura bilketa egin zutenean hainbat langile "engainatuta eta behartuta" sentitu zirela. "Kasu askotan beraien arduradunek eskatzen zieten sinatzera joateko", esan dute. Bide batez, adierazi dute Sidenorren 280 langile zeudela garai hartan, eta 133 kidek bozkatu zutela enpresak egindako proposamenaren alde. "Langileen %50era ere ez da iristen kopurua. Beraz, argi ikus daiteke ez daukala langileen %85aren babesik, ezta zilegitasunik ere".

Hori hala, langileen erabakitzeko ahalmena asanbladak duela berretsi dute ELAk eta LABek. "Nahi dugun gauza bakarra da pertsonala gaztetzea, enpleguari eustea, azken urteetan kendu dizkiguten eskubideen zati bat berreskuratzea eta erosteko ahalmen gehiago galtzen ez jarraitzea. Eta enpresaren ultimatumak ez zuen gure eskakizun bakar bat ere betetzen". Halaber, CCOO, UGT eta USO sindikatuek otsailean esparru-hitzarmena atxikitzeko egindako proposamena "enpresak berak egindakoa" dirudiela salatu dute sindikatu abertzaleek. "Harritzekoa da 2026aren amaieran iraungitzen den hitzarmenera atxikitzeko eskaera orain egitea, jakinda 2026ko azaroan hauteskundeak daudela". Iristeko dauden hauteskunde horien gainean ELAk eta LABek beren ikuspuntua ere adierazi dute. "Ez dugu baldintzatuko azaroan aterako den komitearen jarduna, esparru-akordiora atxikituz". Sidenorren Azkoitiko lantegian diharduten langileen lan baldintzak "Azkoitian negoziatzea" nahi dute ELAk eta LABek, eta "ez Euskal Herritik kanpo, aldi baterako lan erregulazio espedientearekin gertatu zen bezala". 

CCOO, UGT eta USO sindikatuei ere zuzendu zaizkie ELA eta LAB. Hiru sindikatu horiek enpresako langile batzordearen dimisioa eskatzeko duten asmoei erantzun diete beste biek, eta azaldu dute "negoziazio mahaia irekitzeko lanean" jarraituko dutela. "Haiek ere gonbidatzen ditugu ekintza guztietan parte hartzera. Helburu bakarra negoziazio mahaia berriro irekitzea da. Ez diogu txeke zuririk emango enpresari", azaldu dute.

ELAk eta LABek mobilizazioekin hastea erabaki dute, eta manifestazioa deitu dute datorren zapaturako: Sidenor lantegiaren aurrean hasiko dute manifestazioa 11:00etan, eta plazaraino joango dira. Manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei.

Blokeo egoeraren aurrean

CCOO, UGT eta USO sindikatuek egoerari "irtenbide demokratikoa" emateko, enpresa batzordearen dimisio kolektiboa proposatu zuten joan den astean. Orain, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa zein testuingurutan garatu den argitu nahi izan dute. Adierazi dute enpresa batzordeak hitzarmenaren negoziazioan bete beharreko gutxieneko arauak aurkeztu zituela LABek, eta hura ELAk onartu egin zuela. "Arau horien artean jasotzen zen hitzarmen berria ez zela gutxiengoan sinatuko, batzarraren bozketa ez zela loteslea izango eta enpresa batzordeko kideek ez zutela zertan emaitza onartu beharrik izango, bertan parte hartu arren", adierazi dute.

Egoera horren aurrean, hiru sindikatu horiek salatu dute erreferendumaren emaitza ezagutu aurretik "arau gisa ezarrita" zegoela langileen gehiengoaren erabakiak ez zituela batzordeko kideak behartuko. "Dokumentu horren edukiak ezagututa, hobeto ulertzen dira ondoren jazotako guztia: bozketan parte hartu zutenen %85ek baino gehiagok onartutako hitzarmena ez sinatzea; akordio proposamen oro sistematikoki blokeatzea; eta egoera desblokeatzeko ekimenei erantzunik ez ematea".

Hiru sindikatu horientzat gertakari horiek guztiak "ez dira interpretazioak, dokumentatuta gelditu diren gertakariak" baino. "Langile bakoitzak erabaki beharko du planteamendu hori egokia dela uste duen enpresaren ordezkaritza ereduarekin bat al datorren edo ez. Guk negoziazioarekin, gehiengoaren borondatea errespetatzearekin eta lantegiari egonkortasuna emateko premiazko beharrarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu", esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide