Hilberria

Tere Larrar hil da, frankismoaren biktima

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 4a

Tere Larrar, artxiboko irudi batean. (Ane Olaizola)

Frankistek herritik bortxaz kanporatutako emakume zein haurretako bat izan zen Larrar. Gipuzkoatik bota zituzten emakumeen istorioak biltzen dituen Ama, nora goaz? dokumentalean eman zuen hark bere testigantza. 

Tere Larrar frankismoaren biktima izan zena hil zen atzo, asteartea, 97 urte zituela. 36ko gerran tropa frankistek herritik kanporatu zituztenetako bat izan zen Larrar.

1937an Azkoitian 29 emakume izan ziren bortxaz kanporatuak, eta haiekin batera, beste 32 ume atera ziren ihesean; horietako bat izan zen Larrar. Gipuzkoatik bota zituzten emakumeen istorioak biltzen dituen Ama, nora goaz? dokumentaleko protagonistetako bat izan zen hura, eta azkoitiarrak han kontatu zuen, frankistek Azkoititik kanporatu zuten Agate Sudupe herrikidearekin batera, ume zela amarekin batera herritik kanporatuak izan ondoren fronteen artean Bizkaia aldera egin behar izan zuten erbesterako bidea zein gerra amaitu ondorengo bizimodua.  

Gipuzkoa osoan 750 emakume eta haur izan ziren lurraldetik kanporatuak 1937ko otsaila eta martxoa artean, eta haiei guztiei aitortza egiteko omenaldia egin zien Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017an; tartean, Larrarri berari. Azkoitiko Udalaren omenaldia ere jaso zuen azkoitiarrak urte horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide