Ahaztu ezin diren emazteak

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 5a

Tere Larrar. (Ane Olaizola) Lehen lerroan gizonezkoak borrokatu baziren ere, haren ondorioak ez zituzten gizonezkoek soilik sufritu 1936ko gerran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, frankistek Gipuzkoan 750 pertsona beren herrietatik bortxaz kanporatu zituzten 1937an, eta gehienak emakumeak eta umeak izan ziren. Emakume askok deserrira joan behar izan zuten halabeharrez, seme-alaba txikiak besoetan hartuta edo haiek herrian utzita. Zaila da kopuru zehatza jakitea, baina, Azkoitian, 65 bat lagun bidali zituzten herritik: besteak beste, Tere Larrarren familia. Haren ama, Luisa Oruesagasti, izan zen Azkoititik kanporatu zuten lehen emakumeetako bat, eta alabak ondo gogoan ditu garai latz hartan bizi izan zituztenak. Abertzaleak ziren Larrarren gurasoak. Nazionalek Azpeitia hartu zutenean, Bilbora joan behar izan zuen aitak, Teodoro Larrarrek. Frankistek 1936ko irailaren 20an hartu zuten Azkoitia, eta, ordutik, herrian zegoen jeneralak "oso gaizki eta irain artean" hartzen zuen Oruesagasti. "Udaletxetik deitzen zioten amari, kanpora joan behar zuela esanez". Urtarrilaren 20an kanporatu zituzten Oruesagasti eta beste bost emakume, eta Larrarrek memorian gordea du une hura: "Kalean nengoen, eta ama eta kanporatutako beste emakumeak ikusi nituen autobusez joaten. Amak esan zidan hasieran pentsatu zuela hiltzera eraman zituztela". Larrarrek zazpi urte zituen orduan. Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide