Azkoitiko Udalak aurtengo urteko aurrekontuak onartzeko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian (18:00). Soka luzea sortu du 2026. urteko udal kontuen gaiak; izan ere, desadostasunak sortu ditu udalean ordezkaritza duten taldeen artean, eta asteak behar izan dituzte adostasunera iristeko.
Joan den astean lortu zuten akordioa EAJren udal gobernuak, EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Hori hala, oposizioko bi alderdi horien abstentzioarekin onartuko dituzte kontuak. Zubiaurre-Elkargunea eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuak ere aurkeztuko dituzte biharko bilkuran.
Aurrekontuena izango da biharko udalbatzarreko gai nagusia, baina, era berean, udaleko langileen plantilla eta lanpostu zerrenda onestea izango dute hizpide. Bestalde, 2028. urtera arteko udaleko diru laguntzen plan estrategikoa eta kultur nahiz festa arloko diru laguntzak esleitzeko berariazko oinarrien aldaketa aurkeztuko dituzte.
Biharko udalbatzarra, beti moduan, irekia izango da herritar ororentzat. Dena den, Gukak zuzenean eskainiko du Azkoitiko Udalaren urtarrileko ohiko udalbatzarra. Azkoitia Gukak 18:00etatik aurrera zuzenean eskainiko ditu webgunean udaletxeko bilkura areto nagusiko irudiak.
Hona hemen biharko udalbatzarraren gai ordena:
- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
- 2026 ekitaldirako Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.
- 2026 ekitaldirako Azkoitiko Udaleko langileen Plantillaren eta Lanpostu Zerrendaren onespena.
- 2026-2028 Azkoitiko udaleko diru laguntzen Plan Estrategikoaren onespena.
- Kultura eta festak arloko diru laguntzen berariazko oinarrien aldaketa.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.