Azkoitiko udal aurrekontuaren luzapenaren harira, herritar batek Ana Azkoitia alkatearen aurkako hainbat salaketa eta erreklamazio aurkeztu ditu azken egunetan Azkoitiko Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundian zein Arartekoan. Hark salaketa jarri du, alkateak 2025. urtea amaitzerako aurrekontuak bozkatzeko udalbatzarrik ez zuelako deitu, eta ondorioz, aurrekontuei dagokien 21/2003 foru araua urratu duelako.
Gorka Alberdi da salaketa jarri duen herritarra, eta hark adierazi du Azkoitiarekin lotura duelako eta udaleko kudeaketa demokratikoarekin "arduratuta" dagoelako jarri dituela salaketak Gipuzkoako Aldundian zein Arartekoan. Lehenengo salaketak Azkoitiko Udalean eta Arartekoan egin zituen abenduaren 26an, udalak 2026a iazko aurrekontuen luzapenarekin hasiko zuela jakinda eta alkateak horiek onartzeko udalbatzarrik ez zuela deituko "publikoki iragarri" ondoren. Hain zuzen ere, horrek 21/2003 foru araua ez duela betetzen "egiaztatu" ondoren, joan zen urtarrilaren 5ean arrazoi beragatik beste salaketa bat jarri zuen aldundian. Herritar horren arabera, aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuari dagokio udalek aipatutako araua betetzen dutela zaintzea.
Alberdik azpimarratu duenez, alkateak udalbatzarra deitu ez izanak "herritarren ongizateari eragindako kaltea" ez da akats tekniko baten ondorio izan, "nahita" hartutako erabaki bat baizik, eta gogora ekarri du EAJk hilaren 23an kaleratutako oharrean alkateak esandakoa; orduan iragarri zuen Azkoitiak aurrekontuak luzapena izango zuela. "Baieztapen hori parte aitortza bat da: demokrazian, aurrekontua osoko bilkuran eztabaidatzen eta bozkatzen da. Legezko epeak ez betetzea justifikatzeko gehiengo parlamentarioaren jardunari 'xantaia' deitzea autoritarismo ariketa bat da", esan du. Ildo horretan, salatzaileak adierazi du alkateak "nahita nahasten" duela bere egitekoa, udalbatzarra deitzeko "legezko betebehar esklusiboa" baitu hark: "Berak ez du erabakitzen aurrekontua luzatzen den ala ez. Bere legezko betebeharra da aurrekontua bozka dezaten mahai gainean jartzea. Deialdia egiten ez duenez, osoko bilkurari subiranotasuna ebasten ari zaio, eta nahitaezko administrazio prozedura urratzen".
Bi artikulutan oinarrituta
Alberdiren ustez, alkatearen jarrera horrek "talka" egiten du foru arauarekin, "alkatetzak erabat urratu" baititu haren epeak. Salaketa jartzeko 14.4 artikuluan oinarritu da; izan ere, haren arabera, artikulu horretan zehazten da aurrekontu proiektuak gehienez urriaren 15ean egon behar zuela udalbatzaren eskura. "Gipuzkoa Buru Batzarraren kanal ofizialean argitaratutako informazioaren arabera, udal gobernuak kontraproposamenak eta aldaketak aurkezten jarraitzen zuen abenduan, eta horrek baieztatzen du urriko legezko epea ez zela bete". Ustez urratu duen beste artikulua, berriz, 15.2 da; horretan zehaztuta dago aurrekontuak abenduaren 31 baino lehen onartuta egon behar duela. Horri lotuta, salatzaileak adierazi du alkateak "nahita" utzi zuela "mugarria amaitzen", osoko bilkuraren deialdia "saihestu" zuelako.
Gertakari horien "larritasunaren aurrean", Alberdik adierazi du Arartekoak ikerketa espedientea ireki duela, "botere abusua eta ordezkaritza eskubideen urraketa" egin al den aztertzeko. "Bidali den dokumentazioa aztertu ondoren arartekoak espedientea abiatu izanak berresten du kasua ikertzeko irregulartasun aztarnak badirela", esan du Alberdik. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentura ere zuzendu du salaketa, eta hara aurkeztutako idatziarekin aldundiari galdegin dio udalari arau haustea "berehala zuzentzea eta aurrekontu proiektua izapidetzea" eskatzeko. Era berean, udalari dagozkion txosten juridikoak aurkezteko ere eskatu dio: "Udaleko zerbitzu teknikoek alkateari bere erabakiak legea urratzen zuela aldez aurretik ohartarazi al zioten jakiteko eskubidea dute herritarrek".
Bere aldetik, Ana Azkoitiak ez du adierazpenik egin nahi izan salaketaren aurrean.
Gaur, aurrekontuen bilera
Hasi berri den urtea iazko aurrekontuak luzatuta hasi du Azkoitiko Udalak, urtea amaitzerako ez zituelako onartu. Hau da, urtarrilaren 1az geroztik iazkoen luzapena indarrean da, eta 2025eko udal aurrekontu berberak, 21.444.354 euro, izango dituzte Azkoitian, harik eta erakundeak berriak onartzen dituen arte –aurrekontuak onartu ahal izateko epea ez da ixten—.
Orain arte, udal gobernua eta oposizioa ez dira ados jarri 2026ko aurrekontuak onartzeko negoziazioetan, eta udal taldeek gaur izan dute aurrekontuen inguruko bilera. Oraingoz, bilerak eman duenaren aurrerapenik ez dute eman; alkateak, ordea, adierazi du "hitz egiten jarraitzen" dutela.