Alkateak "jarrera aldaketa" eskatu dio Azkoitia Bai-ri biharko aurrekontuen bilerarako

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 14a

Azkoitiko udaletxea.

Azkoitia Bai-ren bozeramaile Jose Joakin Etxanizek sareetan adierazi du udal gobernuak aurrekontuak onartu aurretik iazkoak luzatzea erabaki duela, eta horren berri "oposizioari aurrez esan gabe" egin duela. EAJk, berriz, erantzun dio aurrekontuak automatikoki luzatu direla, eta ez "erabaki" baten ondorioz. 

Azkoitiko udal aurrekontuen luzapenen harira, Azkoitia Bai-ren bozeramaile Jose Joakin Etxanizek sareetan idatzitakoari erantzun dio EAJk. Hain zuzen, oposizioko zinegotziak honakoa argitaratu zuen atzo: "Ezin dugu isilik geratu. Berriro udal gobernua gutxiengotik alde bakarreko erabakiak hartzen ari da. Azkoitiko Udal Gobernuak aurrekontuak onartu aurretik iazkoak luzatzea erabaki du, eta horren berri oposizioari aurrez esan gabe egin duela jakin dugu". Horrez gain, erabaki hori ez dela "irtenbide teknikoa" azaldu du herri plataformak, baizik eta politikoa. 

Horren aurrean, Ana Azkoitia alkateak adierazi du Azkoitia Bai-k "jakin beharko" lukeela abenduaren 31n aurrekontu berririk ez badago onartuta, aurrekoak automatikoki luzatzen direla: "Ez dago esan beharrik. Horrela da. Ez da erabaki kontua, eraginkortasun eta lege kontua baizik. 2025eko aurrekontuko partida gehienak luzatzen dira, inbertsioak eta diru laguntza izendunak ez, egokitzapen tekniko batzuk eginda. Udalak martxan jarraitu beharra dauka, eta luzapenarekin hori ahalbidetzen dugu".

Era berean, gogoratu du aurrekontuak onartzeko epea ez dela ixten; hau da, onar daitezke behin urtea hasten denean ere. Hain zuzen, alkateak jakinarazi du biharko dutela egina aurrekontuak lantzeko bilera deialdia. Horren inguruan, zera esan du Azkoitiak: "Ez Azkoitia Bai eta ez EH Bildu, ez da etorri nigana Gabonen ondoren. Eta neuk idatzi nien astelehenean, aste honetan aurrekontuari buruz hitz egiteko bilera batera deitzeko, eta bihar 09:00etan gaude geldituta. Luzapen dekretua oraindik sinatu gabe dago. Orduan, zergatik dio Azkoitia Bai-k alde bakarreko erabakiak hartzen ditugula? Beste behin, ez hanka ez buru ez duten argudioak erabili ditu udal gobernuari kritika egiteko". Horren aurrean, biharko bilerarako "jarrera aldaketa" eskatu dio zinegotziari. 

Beste behin, tira-bira sortu du kontuak, eta alderdiek elkarri leporatu diote gertatutakoa. Etxanizek berretsi du oposizioa "prest" egon dela negoziatzeko eta alternatibak aurkezteko. Haren arabera, "gehiengo demokratikoa badago" horiek eztabaidatzeko eta onartzeko, baina udal gobernuak ez du "horretarako tarterik" ireki. "Erabaki politiko handien" gaineko gardentasuna "herritarren eskubidea" delakoan, azalpen publikoak emango dituztela agindu du hark. 

Bere aldetik, Azkoitiko EAJk salatu du "onartezina" dela aurten aurrekontuekin gertatu dena. Haren arabera, Azkoitia Bai-k "jarrera autoritarioa eta berekoia" erakutsi du, "soilik berea" defendatuz. Horren aurrean, "errespetua" izan dezala galdegin die haiei alkateak. "Azkoitia Bai-ri eskatzen diogu ardurak onartzeko, gauzak gertatu diren moduan esateko, eta herritarrak ez engainatzeko. Azkoitia Bai-k egiten duena baldin bada defendatzen duen parte-hartze eta gardentasun eredua, azkoitiarrok jai daukagu", esan du Azkoitia alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide