2026ko aurrekontuak onartzeko ados ez jarrita eta behar besteko babesa lortu gabe, horiek bozkatzeko ezohiko bilkurarik ez du oraingoz deitu Azkoitiko udal gobernuak, eta urtea amaitu aurretik onartu ez dituztenez, urtarrilaren 1az geroztik iazkoen luzapena indarrean da han. Hau da, 2025eko udal aurrekontu berberak, 21.444.354 euro, izango dituzte Azkoitian, harik eta erakundeak berriak onartzen dituen arte. Izan ere, aurrekontuak onartu ahal izateko epea ez da ixten, eta kontuak onartzea posible da urtean zehar.
Egoera hori ezohikoa bada ere, ez da salbuespena, eta aurrez ere izan da Azkoitiko Udala aurrekontuen luzapen aldian; 2012an eta 2013an, kasurako. Aurrekontuak luzatuta izateak eragina izango du udalaren jardunean, baina haren funtzionamenduak "berdin-berdin aurrera" egingo duela adierazi du Ana Azkoitia alkateak; izan ere, udalak eskaintzen dituen programek zein zerbitzuek "beren horretan" jarraituko dutela azaldu du hark. Ordea, udal aurrekontuetan zatirik handiena hartzen duten gastu arruntetan, esaterako, ezingo da igoerarik ezarri, hala nola langileen soldatetan, diru laguntzetan edota zerbitzuetan.
Finean, orain arteko aurrekontuen jarraipena izango da luzapen aldiak irauten duena, baina hainbat muga ere izango ditu erakundeak, esaterako, proiektu berriak garatzeko garaian: "Aurrekontuak luzatzeak zerbitzuak baldintza berdinetan luzatzea dakar. Orain arteko ezer ez da eteten edo geratzen. Esan nahi duena da kopuruak eta diru partidak errepikatu egiten direla, eta ezingo dela aldaketa esanguratsurik txertatu beste politika publiko batzuk garatzeko, edo inbertsio berriak egiteko", jakinarazi du alkateak.
Blokeoaren ondorio
Tentsio handiko asteak izan dira igaro berri direnak Azkoitiko Udalean, EAJren udal gobernuak eta oposizioko EH Bilduk zein Azkoitia Baik elkarri leporatu baitiote negoziazioak "blokeatu" eta herria aurrekonturik gabe geratu izana. Hain zuzen, aurtengo aurrekontuetan akordiorik lortu ez izanaren ardura guztia EH Bildurengan eta Azkoitia Bairengan jarri zuen Azkoitiak negoziazioen hondarrean, urtea amaitzeko egun gutxi batzuk besterik geratzen ez zirenean. Haren esanetan, oposizioko talde horiek ez dute "hatzik mugitu" aurrekontuei lotutako jarrerak aldatzeko, eta ez dute erakutsi "negoziatzeko borondate izpirik". "Horrek Azkoitia gelditzea helburu duen ezezkoaren bloke baten aurrean kokatzen gaitu", esan zuen. Are, gobernuari "xantaia" egin izana egotzi zien oposizioko taldeei: "Ez egin, egiten utzi ez, eta egiten ez delako kritikatu. Horrek batzen ditu ezezkoaren bloke bihurtu diren EH Bildu eta Azkoitia Bai. Azkoitia geldiarazi, eta ezer ez egitearen ardura EAJri bota. Horrek batzen ditu EH Bildu eta Azkoitia Bai".
Alkatearen esanetan, EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurkeztu zuten proposamenen zerrenda negoziaketan erakutsi duten jarrera bezain "itxia" izan da. Aldiz, nabarmendu zuen berak ordezkatzen duen alderdiak (EAJ) beti kontuan izan dituela oposizioaren eskaerak, eta horrela egin duela oraingo honetan ere: "Udal gobernuak bere azken proposamenean 449.700 euro arteko partidak onartu dizkie EH Bilduri eta Azkoitia Bairi, alegia, eskatutako guztia. Hala ere, oraingoz ez da nahikoa izan gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasuna lortzeko, eta aldaketa gehiago eskatu dituzte, udal jarduna oztopatuz".
Azkoitiak gogoratu zuen udalari dagokiola aurrekontuen proposamena aurkeztea, eta hainbat saiakeraren ostean, abenduaren 23an aurkeztu ziela azken zirriborroa oposizioko taldeei. Proposamen horrek oposizioko taldeen "eskaera gehienak" jasotzen zituela baieztatu zuen orduan Azkoitiak, eta hala ere, ezezkoa eman zutela oposizioko bi talde horiek. "EH Bilduk eta Azkoitia Baik nahi dutena da, edo dena, edo ezer ez", deitoratu zuen.
Hori horrela, aurrekontuak negoziatzeko "gutxieneko borondatea" eskatu zien EAJko ordezkariak oposizioko alderdiei. "Negoziazio orok kontzesioak egitea dakar, eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldetik ezezkoak baino ez dira izan". Alkateak orduan jakinarazi zuen "momentuz" ez duela bilkura berririk deituko, eta hala berretsi du orain ere: "Ukaezina da ona dela aurrekontu berriak onartzea, baina momentuz luzatu egingo dira".
Akusazioak elkarri
"Azkoitiko Udala 2026an aurrekonturik gabe geratuko da, udal gobernuak —EAJk— hala erabaki duelako". Hala erantzun zioten, beren aldetik, EH Bilduk eta Azkoitia Baik Ana Azkoitia alkateak egindako adierazpenei. Oposizioko bi talde horiek bestelako ikuspegi bat plazaratu zuten negoziaketen inguruan, eta haien esanetan, udal gobernua izan da negoziaketa "blokeatu" duena, aurrekontuak onartzeko "gehiengo demokratikoa" egon baita. "Gezurra da adostasunik bilatu ez denik. EH Bilduk eta Azkoitia Baik hasieratik erakutsi dugu negoziatzeko borondatea, eta horren erakusle da gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena nabarmen moldatu izana gure ekarpenak txertatuz", ziurtatu zuten ohar bateratu baten bidez.
Gogoratu zutenez, azken batzordean bi taldeak abstenitu egin ziren aurrekontu berrien bozketan, horiei "bide emateko eta prozesua aurrera eramateko asmoz". Era berean, adierazi zuten udal gobernuaren "erabaki politiko kontzientea" izan dela udalbatzarik ez deitzea eta, ondorioz, aurrekontuak bozkatzea eragoztea, eta horrek eraman duela herria egun bizi duen "blokeora". Erantzukizun osoa udal gobernuarena dela adierazi zuten; "aurrekonturik ez badago, Ana Azkoitiak zuzentzen duen gobernuak udalbatzarrik deitu ez duelako da", haien esanetan.
EH Bilduk eta Azkoitia Baik gaineratu zuten oposizioaren jarduna xantaia gisa aurkeztea "onartezina" dela, oposizioari baitagokio proposamenak eta zuzenketak egitea nahiz baldintzak jartzea. "Are gehiago, gogorarazi behar da EAJ gutxiengoan dagoela, eta aurrekontuak ezin direla inposiziotik onartu. Arazoa ez da soilik zenbatekoa; dirua nondik kentzen den eta zein lehentasun politiko ezartzen diren da eztabaidaren muina".
Bestalde, gobernuak oposizioaren proposamen "gehienak" jaso izana ere gezurtatu dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik. "Desadostasun politikoak izan dira, alternatibak proposatu dira eta, hala ere, gobernuak egindako proposamenak onartu ditugu. Horrek erakusten du gure borondatea argia dela: elkarlana bai, baina edukiduna, exijentea eta zintzoa".