"Azkoitiko Udala 2026an aurrekonturik gabe geratuko da, udal gobernuak —EAJk— hala erabaki duelako". Horrela erantzun diote EH Bilduk eta Azkoitia Baik Ana Azkoitia alkateak asteartean egindako adierazpenei. Oposizioko bi talde horien esanetan, udal gobernua izan da negoziaketa "blokeatu" duena, aurrekontuak onartzeko "gehiengo demokratikoa" bai baitago.
2026ko aurrekontuen negoziaketak xextra eragin du herriko talde politikoen artean. Pasa den asteko ostegunean bozkatu behar zituzten datorren urterako kontuak, baina udal gobernuak ez zuen akordiorik lortu gehiengoa duen oposizioarekin, beraz, bilkura atzeratzea eta aurtengo aurrekontua luzatzea erabaki zuen.
Ana Azkoitiaren hitzetan, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen negoziatzeko borondate faltak eraman du herria "geldialdi" horretara, eta udal gobernuari "xantaia" egitea leporatu zien alkateak alderdi horiei. Alta, bestelako irakurketa egiten dute oposizioko alderdiek. "Gezurra da adostasunik bilatu ez denik. EH Bilduk eta Azkoitia Baik hasieratik erakutsi dugu negoziatzeko borondatea, eta horren erakusle da gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena nabarmen moldatu izana gure ekarpenak txertatuz", ziurtatu dute ohar bateratu baten bidez.
Gogoratu dutenez, azken batzordean bi taldeak abstenitu egin ziren aurrekontu berrien bozketan, horiei "bide emateko eta prozesua aurrera eramateko asmoz", eta adierazi dute udal gobernuaren "erabaki politiko kontzientea" izan dela udalbatzarik ez deitzea eta, ondorioz, aurrekontuak bozkatzea eragoztea, eta horrek eraman duela herria egun bizi duen "blokeora": Erantzukizun osoa udal gobernuarena dela esan dute: aurrekonturik ez badago, Ana Azkoitiak zuzentzen duen gobernuak udalbatzarrik deitu ez duelako dela esan dute.
Gaineratu dute oposizioaren jarduna xantaia gisa aurkeztea "onartezina" dela, oposizioari baitagokio, nabarmendu dutenez, proposamenak eta zuzenketak egitea nahiz baldintzak jartzea. "Are gehiago, gogorarazi behar da EAJ gutxiengoan dagoela, eta aurrekontuak ezin direla inposiziotik onartu. Arazoa ez da soilik zenbatekoa; dirua nondik kentzen den eta zein lehentasun politiko ezartzen diren da eztabaidaren muina", azaldu dute.
Negoziatzeko prestutasuna
Ana Azkoitiak esan zuen udal gobernuak oposizioaren proposamen "gehienak" jaso zituela aurkeztutako azken dokumentuan, baina hori ez dela egia nabarmendu dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik. "Desadostasun politikoak izan dira, alternatibak proposatu dira eta, hala ere, azken egunean gobernuak egindako proposamenak onartu ditugu. Horrek erakusten du gure borondatea argia dela: elkarlana bai, baina edukikoa, exijentea eta zintzoa", adierazi dute.
Talde horiek berretsi dute aurrekontuak adostea gobernuaren ardura nagusietako bat da, eta beraz, ezin zaiola ardura horri uko egin "errua oposizioari leporatuz". Hala ere, negoziatzen segitzeko prestutasuna agertu dute, betiere "gardentasuna, errespetua eta oposizioaren rola" errespetatzen badira.