Abarketatxo ludotekako eta Artxamendi topalekuko haurrek nahiz gaztetxoek bi erraldoi egin dituzte azken asteetan, eta lanaren emaitza kalera atera zuten ostiralean. Herritar ugariren aurrean aurkeztu zituzten 17:30en bueltan Pako Pako eta Zakel Mari erraldoiak.
Ludotekaren barruan egin zuten bi erraldoien aurkezpena, hainbat herritar han zirela. Gaztetxoek azaldu zutenez, "buru-belarri" ibili dira lanean "buruhauste bat baino gehiago" eragin dizkien proiektuan. Euskal kultura eta tradizioak gaztetxoei gerturatzea izan dira egitasmoaren helburuak, horiek Azkoitiko historiaren berri izan dezaten. Hala azaldu zituzten proiektuaren nondik norakoak: "Azkoitiko festen inguruan aritu gara lanean bi hilabetez, eta gainera, Azkoitiko historian murgildu gara Pako Pakoren laguntzaz".
Bi erraldoi eginda bukatu dute proiektua, eta lan horretan aritu diren gaztetxoak zeharo gustura dira. Pako Pako belea irudikatzen duen erraldoia ludotekako erabiltzaileek egin dute, eta Zakel Mari zakela, berriz, Artxamendikoek. Biek ala biek Azkoitiarekin zer ikusia duten pertsonaiak direla azaldu dute haien egileek.
Eguraldi kaskarra tarteko, ezin izan zituzten erraldoiak nahi adina erakutsi; izan ere, euriak zapuztu zuen bi erraldoiak kalez kale erakusteko zuten asmoa. Dena den, Elkargunearen atarian, tunelean, joan-etorrian ibili ziren gaztetxo hainbat, erraldoien atzetik, Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta. Zenbait gaztetxok, gainera, erraldoiak eramateko eta horiekin argazkiak ateratzeko abagunea ere izan zuten.
Ordu erdi inguruz ibili ziren hara eta hona erraldoiak eta haurrak, eta une batean Bizkargi musika eta dantza eskolako kideak ere batu ziren festara. Izan ere, Santa Zezilia egunaren bueltako emanaldia eskaini zuten Bizkargiko kideek, eta trikitixa eta pandero ikasleek Elkargunearen atarian hainbat pieza eskaini zituzten. Jaiari bukaera Abarketatxo ludotekan eman zioten, mokadutxoarekin.