"Berezia izango da etxean eta lagunez inguratuta debutatzea; dena ematera goaz"

Maialen Etxaniz 2025eko azaroaren 6a

Larunbatean Gurea pilotalekuan egingo duten K1 jaialdian lehiatuko dira Aitor Andreu eta Joanes Orbea azkoitiarrak. Hitzordu berezia izango da bientzat: Andreuk profesionaletan egingo du debuta, eta Orbeak amateur mailan. Azpeitiko beste hainbat kiderekin elkarbanatuko dute ringa, eta hitzordurako gogotsu daude. Bi azkoitiarrekin elkartu da Guka jaialdiaren atarian. Sarrerak salgai daude oraindik. 

Borroka kirolen plaza bilakatuko da Azkoitia larunbatean. Izan ere, K1 jaialdia antolatu du Uga kirol zentroak, Azkoitiko Udalaren laguntzaz, Gurea pilotalekuan. Etxeko nahiz kanpoko kirolariek parte hartuko dute 17:30ean hasiko den jaialdian, eta bertan lehiatuko dira Aitor Andreu (Azkoitia, 1997) eta Joanes Orbea (Azkoitia, 2001). Andreuk hainbat garaipen erdietsi ditu urteotan. Besteak beste,  Euskal Herriko txapelduna da muay thai, K1 eta lowkick modalitateetan. Gainera, Espainiako azpitxapelduna da lowkick-en. Orbearentzat, berriz, jaialdi batean parte hartuko duen estreineko aldia da. Biek ala biek argi dute helburua: "Egurra eman, gozatu eta ahal dela gozatuarazi".

Andreuk K1 modalitatean egingo du debuta profesionaletan, eta Orbeak amateur mailan. Ringera igoko direnen artean hiru azpeitiar ere egongo dira: Aimar Azpiazu, Ekaitz Isasmendi eta Unai Monasterio. Kide horiek guztiak Durangoko (Bizkaia) Fight Factory klubekoak dira, eta maila desberdinetan bada ere, elkarrekin egin dute bidea. Horregatik daude larunbaterako irrikaz. 

Honako hauek izango dira parte hartzaileak: Aitor Andreu (Azkoitia), Joanes Orbea (Azkoitia), Ekaitz Isasmendi (Azpeitia), Aimar Azpiazu (Azpeitia), Unai Monasterio (Azpeitia), Ekaitz Cuenca (Mendaro), Egoitz Rios (Elgoibar), Ander Baca (Lemoa), Peio Martin (Durango) eta Unax Arbelaitz (Igantzi).

Antolatzaileek adierazi dutenez, jaialdiarekin ikusgarritasuna eman nahi diete inguruotan asko praktikatzen diren baina gizarteratzen ez diren borroka kirolei. "Borroka kirolen presentzia eta kultura berriz sendotzea" dute xede. 

Sarrerak, salgai 

Oraindik eros daitezke azaroaren 8ko jaialdirako sarrerak. Aurrez 20 euro ordaindu beharko dira txartelak, eta lotura honetan eros daitezke. Sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan 25 eurotan jarriko dituzte eskuragarri leihatilan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide